argia.eus
INPRIMATU
Orain 34 urte hasitako deportatuen egoera amaitzeko garaia da
  • Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak (EIPK) legeria arrunta eta “errealitate printzipioa” eskatu du iragan asteburuan, Irunen egindako IV. Foro Sozialaren karietara. Kolektibo honen iritziz, iheslari eta deportatu andana etxera liteke “salbuespenezko legedia” bertan behera utziz gero.

Mikel Asurmendi @masurmendi 2018ko urtarrilaren 29a
Maritxu Paulus Basurko, Jon Irazola, Michael Culbert eta Teresa Toda. Irungo IV.Foro Sozialean parte hartutakoetako hizlari batzuk. Argazkia: Jon Urbe / Argazki Press.

EIPKren arabera, 2.500 euskal herritarrek erbestea ezagutu dute 1960ko hamarkadatik. Horietako 70 deportatuak izan dira eta 162 estraditatuak. Estatuetako poliziek 76 iheslari euren eskutik eskura pasa dituzte. 106 euro-agindu ezarri dira. Halaber, “gerra zikina”-ren ondorioz 40 pertsona hil ziren. Egun,erbestean dauden pertsonetatik 10 gaixo daude.  IV. Foro Sozialean jasotako euskal gatazkaren ondorio zenbait dira horiek.

EIPK-ko eledun Jon Irazolaren aburuz, “gure helburua gobernuen oniritzia lortzea da, anartean baina, aurrerapausoak ematen hasteko unea da”. Iheslariak hasi omen dira bidea egiten beren kabuz, baina “traba” besterik ez dute aurkitu bere hitzetan. Jon Irazolak “Espainiako Auzitegi Nazionalaren jarrera” ezbaian jarri zuen: “Epaituak izan ez diren iheslariei preskripzio epea luzatzen zaie artifizialki”. “Legalitatearen bidea itxi egiten zaie iheslariei”, adierazi zuen kritikoki.

"Arrazoi politikoengatik preso edo ihesean dauden pertsonen gizarteratzea erraztea” izan da  Irungo Ficoban egindako IV. Foro Sozialaren lema eta xede nagusia.

Ipar Irlandako preso ohien elkarteko kide Michael Culberten hitzetan “Irlandan birgizarteratze prozesurako Britainia Handiko Gobernuak malgutasun gehiago erakutsi zuen Espainiak eta Frantziak baino”.

Maritxu Paulus Basurco presoen abokatuaren iritzian, “Frantziako Estatuaren kasuan, gobernua eta justizia bi bide dira”. Bi bideek konponbiderako tartea uzten dutela dio abokatuak, baina ez dago borondaterik: “Justiziak egungo testuinguru politikoa aintzat hartu beharko luke”. Ez da horrela izaten ari, ordea.

Deportazioa bizi eta jasan dituen bi lagunen lekukotasunak entzun ziren, halaber, ekitaldian. Eugenio Etxebeste Antton deportatu ohia hamahiru urtez “legez kanpo bahituta” izan zuten. Ezein estatuk ez zuen bere deportazioaren ardura bere gain hartu. “Deportazioaren eufemismoak jazarpen esparruak mozorrotu” ditu, hau da, "hizkera aintzat hartu behar da, bestela hitzek errealitatea aldarazten dute" erran zuen. Deportatu ohi honen ustez “babesgabetasuna salatu behar da, errealitatea ongi aditzera emanen badugu. Bada garaia, estatuek beren erantzukizuna hartzeko eta eginiko kalte moralak eta ekonomikoak konpontzeko”.

Deportazioan hil zen Juanra Aranburu iheslariaren bikotekide Bixen Mujikak haien bizipenak ekarri zituen gogora. Aranburu Cabo Verdera deportatu zuten, eta umea eta andrea harekin joan ziren: “Deportazioa espetxea baino samurragoa zelakoan joan ginen”. Ustea ustela suertatu zitzaien ordea.

“Orain 34 urte hasi ziren deportazioak, egoera hori amaitzeko garaia” dela gehitu zuten bertaratukoek. Miguel Castells abokatuak –Panaman, Dominikar Errepublikan eta Ekuadorren deportatuta egon zirenen abokatuak– kolektibo honek “egia, justizia eta erreparazioa izateko eskubidea" daukala berretsi zuen. "Errelatoa egiten bada, guztien giza eskubideen urraketa jaso dadila” erran zuen azkenik,