argia.eus
INPRIMATU
Opuseko Irabiak eta El Redinek Batxilergoko notak puzten dituztela salatu du Nafarroako Arartekoak
  • Iruñeko ikastetxe kontzertatu ezagunak dira biak, eta Batxilergoko ikasleen notak puzten dituztela sumatuta, Arartekoak bi eskola horien jarduna azter dezala eskatu dio Nafarroako Hezkuntza Departamentuari.

Xabier Letona Biteri @xletona 2023ko maiatzaren 05
Argazkia: El Redin

Herritar batek salatu zuen Arartekoaren aurrean desproportzio handia zegoela bi eskola horietako Batxilergoko ikasleen batez besteko kalifikazioa eta Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioko (USE) notaren artean. Kasua aztertu eta honako galderara iritsi zen Arartekoa: "Nola liteke Nafarroako bi ikastetxek sei urtez Batxilergoko nota onenak ateratzea eta, aldiz, ez gertatzea berdin USEko kalifikazioekin?".

Arartekoaren azterketaren arabera, oro har, Nafarroako ikastetxeetako Batxilergoko kalifikazioak hobeak dira USEkoak baino: bien arteko batez besteko aldea 0,58 puntukoa da. Miravalles-El Redín ikastetxean, ordea, 1,18-1,32 puntu hobeagoa izatera iristen da, hau da, beste ikastetxeetan baino bikoitza eta ia hirukoitza hobea.

Kontuan izan behar da unibertsitate publikora sartzeko aintzat hartzen dela Batxilergoko nota (%60) eta USEkoaren (%40) batez bestekoa, eta, beraz, Batxilergokoa neurriz kanpo puztuz gero, desberdintasunak sortzen direla unibertsitatera sartzeko eskubide berdintasunari dagokionez.

El Redinen aztertutako sei ikasturteetan, hango ikasleek beti lortzen dituzte nota onenak, 8,2 eta 8,59 artekoak. USEkoetan, aldiz, ikasturte batean bakarrik lortu dute gorenean egotea; gainerako ikasturteetan, adibidez, 3., 4. edo 10. lekuan geratu dira. Horietako urte batean 18. postuan geratzen da USEn, 7,03ko notarekin eta Batxilergoan 8,5 lortzen du, hots, 1,5 puntu gehiago.

Irabia-Izaga ikastetxean ere antzeko egoera ematen da. Batxilergoko notetan, gehienetan bigarren postuan geratzen dira hango ikasleak, 7,75 eta 8,45 arteko notekin. USEko emaitzetan, aldiz, beti 7. postutik atzera geratzen dira. Oro har, USEko notetan 6,3 eta 7,4 artean lortzen dute.

Hezkuntzak muzin egin dio gomendioari

Datu horiek guztiak ikusita, bi ikastetxe horien jarduera ikuskatzeko eskatu zuen Arartekoak otsailean Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentura bidalitako idazkian. Martxoan erantzun zion Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak, esanez dagoeneko ikuskatzen dituela ikastetxe horiek, beti ere haien autonomia errespetatu, eta beraz, ez diola jaramonik egingo Arartekoaren gomendioari.

Erantzuna ikusita, ika-mika sortu da Arartekoa eta Hezkuntza Departamentuaren artean. Arartekoak eskatu dio sailburuari eman diezaiola Hezkuntza Kontseilaritzak ikastetxe horietan azken sei urteetan egin duen ikuskaritzaren berri zehatzagoa. Hezkuntzak ez dio oraindik erantzun, eta Arartekoak, temati, bigarrengoz eskatu dio erantzuna sailburuari. Pilota, beraz, une honetan Hezkuntza Departamentuan dago.