argia.eus
INPRIMATU
Opuseko ikastetxe batzuek sexu segregazioarekin jarraitzen dute Iruñean
  • Hasi da ikasturtea eta milaka ikasle itzuli dira ikastetxeetara. Iruñean bazegoen jakin mina ea nola itzuliko ziren ikasleak sexu banaketa egiten duten El Redín edo Miravalles ikastetxeetara, edota Irabia-Izagara, guztiak Opus Dei erakundeari lotutako ikastetxeak.

Xabier Letona Biteri @xletona 2023ko irailaren 08a

Ikastetxe horietan gazteek sexuz banatuta ikasi dute azken 60 urteetan, neskak alde batean, mutilak bestean. Baina iragan legealdian Espainiako Estatuan LOMLOE hezkuntza legea onartu zenetik, segregazio hori egiten duten ikastetxeek ez dute hitzarmen publikorik izango eta, ondorioz, ez dituzte diru-laguntzarik jasoko.

SER irrati kateko kazetariak ostegun honetan joan ziren ikustera ea haurrak nola sartzen ziren Iruñeko El Redin eta Miravalles ikastetxeetera, eta ikusi zuten lehenean mutilak sartzen zirela bakarrik eta bigarrenean neskak. Hezkuntza Departamenduan gaiaz galdetuta, erantzun diete ikuskatzaileek egindako txostenen zain izango direla eta ondoren erabakiko dutela zer egin.

Auzi judizialak tartean

Arazoa katramilatuta dago, LOMLOE oso argia izan arren, Nafarroko Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi duelako Nafarroako Gobernuak ikastetxe horiekin dituen hitzarmenak eteteko eman duen agindua.

2022ko azaroan Auzitegi Nagusiak Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eraman zuen Foru Gobernuaren erabaki hori. Erabakia etorri aurretik, alabaina, aurtengo ekainean Nafarroako Gorenak behin-behinekoz eten zuen gobernuaren erabakia. Kontua da, Auzitegia Nagusiaren ebazpen hori hartu baino bi aste lehenago, ekainaren 6an, Auzitegi Konstituzionalak erantzunda zuela jada auziaren konstituzionaltasunaz, eta argi adierazi ziola Nafarroako Auzitegi Nagusiari guztiz legezkoa zela Nafarroako Gobernuak diru-laguntzak eteteko hartutako erabakia.

Aipatutako ikastetxeek, dena den, onartu dute segregazioarekin amaituko dutela, eta Lehen Hezkuntzako lehen hiru urteetan neska-mutilak batera dira geletan. Bigarren Hezkuntzan gauza bera egingo dutela iragarri dute.