Miravalles-Redin eta Irabia-Izaga ikastetxeek 1965az geroztik dauzkate ikasleak banatuta.
2021. urtean, Irabia-Izaga eta Redin-Miravalles ikastetxe pribatuen Lehen Hezkuntzako ituna eteteko prozesua abiatu zuen Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak, bi zentro horietan neskek eta mutilek ikasgela bereizietan ikasten zutela-eta. 2022an, Batxilergoko ituna eten zuten, motibo bertsuengatik. Orain, Hezkuntza Departamentuak bi ikastetxe horiei jakinarazi die DBHko ituna ere bertan behera utziko duela irailaren 15etik aurrera.
“Departamentuak egiaztatu zuen, 2023-2024ko ikasturtearen hasieratik bertatik, ikastetxe horietako DBHko lau mailetako ikasleak gela desberdinetan bereizita zeudela sexuaren arabera, eta ez zela betetzen ari LOMLOE legea”, adierazi du gobernuak, ohar bidez.
Urtarrilean alegazioak aurkeztu zituzten bi ikastetxeek. Hezkuntza Departamentuari galdetu zioten itunei eustea, baldintza batekin: datorren ikasturte hasieran DBHko ikasgela guztietan neskak eta mutilak batzea —bi zentroek iragarria dute datorren ikasturtetik aurrera misto bihurtuko direla, finantzaketa publikoari eutsi ahal izateko—. Hezkuntza Departamentuak ezezkoa eman dio eskaerari, argudiatuta ituna eteteko baldintzak betetzen direla, eta, hortaz, gobernua legez behartua dagoela finantzaketa publikoa bertan behera uztera. Hala ere, irailaren 15ean bukatuko da hitzarmena, eta ordurako ikasgela guztiak mistoak badira, atzera eginen du Nafarroako Gobernuak, eta orain arte izan duten finantzaketari eutsi ahal izanen diote Redin-Miravalles eta Irabia-Izaga eskolek.