argia.eus
INPRIMATU
Opus Deik Donapeako egitasmoa eten du
  • Alfonso Sanchez Tabernero, Nafarroako Unibertsitateko errektoreak Donapeako proiektuaren "adostasun eza" argudiatuta, Nafarroako Gobernuarekin sinatutako hitzarmena bertan behera utziko dutela iragarri du.

Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2013ko urriaren 24a
Donapea Lanbide Heziketako zentroa lekualdatzearen kontrako protesta Iruñeko karriketan. Iban Aginaga

Hilabeteetako liskarrak eragin dituen auzia bertan behera geratu da, Opus Deiren unibertsitateak Donapeako lurrekiko interesa alboratu ostean. Iruñeko Lanbide Heziketako zentroaren orubea begiz jota zuen aspalditik Nafarroako Unibertsitateak, eta bertan hiru ikerketa zentro eraikitzeko proiektua adostu zuen Nafarroako Gobernuarekin 2011ko martxoan.

Egitasmoak iskanbila sortu du nafar jendartean eta Iruñeko Udalaren nahiz Parlamentuaren gehiengoa kontra izan du. Hala ere, oposizioko alderdien eskakizunei muzin eginez, UPNk aurrera egin du proiektuarekin. Donapeako irakasle, sindikatu, gizarte eragile eta udal agintari ohiak ere egitasmoaren kontrako jarrera erakutsi dute eta iragan urriaren 18an manifestazio jendetsua egin zen hiriburuan “Donapea ez dago salgai” lemapean.

Nafarroako Unibertsitateak akordiorik ez dagoela ikusita kontratua etetea erabaki du. “Inoiz egon nahi ez genukeen lekuan gaude, polemika politiko baten erdian” eman du aditzera Tabernero errektoreak eta haiek ez dutela liskar giroa hauspotu nahi gaineratu du.

Egitasmoa gelditzeko Bildu, Aralar-NaBai, Ezkerra eta Geroa Baiko parlamentarioek aurkeztutako lege-proposamena eztabaidatu behar zen gaur Nafarroako Parlamentuan. UPNk oso zaila zuen proiektua aurrera ateratzea oposizioa kontra izanda. Bada, Parlamentuaren iritzia jakin baino ordu batzuk lehenago iritsi da Opusen erabakia.

Erreakzioak

UPNko eledunek “albiste txartzat” jo dute Nafarroako Unibertsitateak hartutako ebazpena. Ustekabean harrapatu du berriak David Ardanaz Donapeako irakaslea, baina pozik agertu da erabakiaren aurrean. Berria kazetak jasotzen duen bezala, “haiek jakinen dute zergatik hartu duten ebazpen hori. Guk argi izan dugu, beti, Donapea tokiz aldatzeak kalte egiten diola zentroari, lanbide heziketari eta hezkuntza publikoari; horregatik egin dugu proiektu horren kontra”, esan du Ardanezek.

Egitasmoaren etorkizuna

Hitzarmena bertan behera uzteko adierazpenen ostean, ikerketa zentroekin zer egiteko asmoa duten galdetu diote Tabernerori eta honek “hausnarketa epea” hasiko duela adierazi du. Proiektua bere horretan geratuko da oraingoz, baina errektoreak esan duenez “Donapeari uko egiten diogu gaur, baina etorkizunean jendearekin solasean hasiko gara berriz, zein puntutan gauden ikusteko”.