argia.eus
INPRIMATU
Oposizioetako iruzurraren ondoren, bi dimisiorekin hasi du urtea Osakidetzak
  • Ricardo Ituarte Osakidetzako arduradun ekonomikoak eta Juan Carlos Soto giza-baliabideetako zuzendariak euren karguak utzi dituzte 2019ko lehen zazpi egunetan. Kargugabetzeek ez dute esplikazio ofizialik, baina biek izan dute loturaren bat iazko enplegu eskaintzan detektatutako iruzurrarekin.

ARGIA @argia 2019ko urtarrilaren 09a
Ricardo Ituarte Santurtziko alkate ohia da.

Orain arte Osakidetzako arduradun ekonomikoa izan den Ricardo Ituarteren anaiak parte hartu zuen iazko enplegu eskaintza polemikoan. Bera izan zen ezohiko emaitza lortu zuen pertsonetako bat, 100 puntu eskuratu zituen azterketa praktikoan eta Anestesia kategorian plaza eskuratu zuen.

Hain zuzen espezialitate horretako azterketa izan zen iazko Osakidetzako oposizioetan iruzurra izan zela pentsatzeko zantzuak eman zituen lehenbizikoetakoa eta Osakidetzak berak agindu zuen kategoria horretako hautapen-prozesua errepikatzeko, nahiz eta orain behin behinean geldituta dagoen bigarren azterketa hori.

Astelehen honetan Osakidetzaren administrazio kontseiluak kargutik kendu du Ricardo Ituarte eta José Ramón Calonge jarri du haren ordez alor ekonomikoaren buru.

Ituarte EAJko kidea da eta Santurtziko alkate ohia. Iturri ofizialek ElDiario.es-i azaldu diotenez, ez du harremanik izan Osakidetzako enplegu eskaintzaren kudeaketan.

Giza-baliabideen zuzendaria ere Osakidetzatik kanpo

Urte hasiera albiste ugari ematen ari da Osakidetzan. Urtarrilaren 3an jakinarazi zuen EAEko osasun zerbitzuak Juan Carlos Soto kargugabetu duela, Osakidetzako giza-baliabideetako zuzendaria.

Ituarteren kasuan ez bezala, Sotok izan zuen harremanik iruzurragatik jo-puntuan dauden azterketekin, bera izan baitzen azterketen prestakuntzaren arduraduna, baita salaketen ondorengo ikerketarena ere. Sotok ez zituen hasieran iruzur salaketak aintzat hartu eta albistea hedabideetara iritsi zenean erreakzionatu zuen.

María Pilar Uriartek ordezkatu du Soto giza-baliabideetako arduradun nagusi gisa.