argia.eus
INPRIMATU
Espainiako oposizioak ez du onartzen Mozal Legea mantentzeko PPren proposamena
  • Azaroan, Mozal Legea indargabetzeko eskatu zuen Espainiako Kongresuak bigarren aldiz. Legez besteko mozioa ontzat emateak, bestalde, ez du lege aldetik ondorio zuzenik izango.

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2016ko abenduaren 26a
Mozal Legearen kontrako \\\'No Somos Delito\\\' plataformako kideek Espainiako Kongresuaren atarian egindako protesta baten irudia. (Arg: Infolibre)

Mozal Legea bere horretan mantentzeko izan diren zailtasunen aurrean, Legearen aspektu jakin batzuen inguruan eztabaidatzea proposatu du Juan Ignacio Zoido Espainiako Gobernuko Barne Ministroak. Helburua, Mozal Legea salbatzea da. Proposamenak, bestalde, ez du harrera onik izan Espainiako Kongresuan.

Miguel Gutierrez Ciudadanoseko diputatuak azaldu duenez, Mozal Legearen gaineko aldaketak barne hartzen dituen dokumentu bat adostu zuten Ciudadanosek eta PPK. Txosten horretan agertzen diren neurriekin lege eraldaketa bat aurkezteko eskatu dio Gutierrezek Zoidori. Modu horretan, Ciudadanosen babesa edukiko luketela gaineratu du.

Gainerako alderdiek, aldiz, adierazi dute ez dutela Mozal Legea mantentzeko akordiorik sinatuko, ezta hura hobetzearen inguruko eztabaidarik egingo. Hala ere, Zoidok azaldu du urtarrilean eratuko direla eraberritu beharreko puntuak negoziatzeko lan taldeak.

Mozal Legea indargabetzeko mozioak

Orain alderdi guztiei egindako proposamena, PSOEri luzatu zion PPk azaroan ere. PSOEk ezezkoa eman zuen, eta Mozal Legea derogatzeko eskatu zuen. Legea indargabetzeko onetsi den bigarren mozioa izan zen hura, 2016ko apirilean ere hura atzera botatzeko proposamena aurkeztu baitzuen ERCk. Alderdi horren bozeramaile Gabriel Rufianen esanetan, “Segurtasun Indarrei esku hartzeko eta erabakiak hartzeko botere handiegia” ematen dielako, “berme judiziala baztertuz”.

PSOEko Antonio Trevinen ustez, oinarrizko eskubideak garatzea “oztopatzen” du Mozal Legeak. Ezartzen diren zigorretan proportzionaltasuna mantendu behar dela azaldu zuen azaroan, eta oinarrizko eskubide eta askatasunak errespetatzen dituen arautegi berri baten alde agertu zen.

Informazio Askatasunaren Defentsarako Plataformaren ustez (PDLI gaztelaniazko sigletan), bestalde, egindako mozioak "itxurakeria hutsa" dira, ez baitute Mozal Legea indargabetzea bermatzen. Espainiako Kongresuko taldeek hura deuseztatzeko lege proposamen bat sinatzen ez duten arte, Mozal Legeak indarrean jarraituko duela azaldu du kazetarien elkarteak.