argia.eus
INPRIMATU
Epsilon enpresaren kudeaketa txarrarengatik oposizioak azalpenak eskatu dizkio Jaurlaritzari
Saioa Alkaiza Guallar @SaioaAlkaiza 2013ko azaroaren 15a
Epsilon Euskadiren Gasteizko poligonoa. (Arg: formulaf1.com)

EAJren ekinez indartu zen Epsilon Euskadi, Juan Jose Ibarretxeren agintaldian. Lehendakari ohiak esan zuen proiektua “estrategikoa” zela eta babes ekonomikoa eta politikoa eskaini zion.

Lau urteren buruan, baina, gaia hautsak harrotzen ari da: 16 milioi euroko zorra hartu du bere gain Eusko Jaurlaritzak Epsilonen porrotaren ondorioz.

Gainera, bi hari mutur dauzka auziak. Batetik, duela hiru egun, epaileak esan du Joan Villadelprat gestoreak “gaizki” kudeatu zuela, eta isuna ezarri dio.

Bestetik, Euskal Autonomi Erkidegoko Kontuen Ganberak datorren urteko martxoan entregatuko du Epsiloni buruzko txostena, eta Villadelpratek eta haren kide Philip Paynerek deklaratu beharko dute.

Porrota, iruzurraren ondorio

Orain, EAJko kideei dagokie azalpenak ematea, oposizioko alderdien iritziz. Gasteizko Parke Teknologikoan eta Industria sailean dauden goi karguen argibideak eskatu dituzte.

Arazoa EAJren politikaren “emaitza” dela esan du EH Bilduk. Era berean, kritikatu du jeltzaleek diru publikoa ekimen pribatuetara “desbideratzea”. Dioenez, egungo eredu ekonomikoaren “gabeziak” agerian uzten ditu Epsilonen porrotak.

Ikerketa Batzordea sortzea eskatzen dute PPk eta UPyDk. Carmelo Barrio popularrak adierazi du kasuak “itzal berriak” aurkezten dituela EAJren jokabidean. UPyDko Gorka Maneiro ere kexu azaldu da: “Diru publikoa xahutu dute”.

PSEk, ordea, batzorderik ez, baina hiru politikariri azalpenak eskatuko dizkie: Arantza Tapia egungo Industria Kontseilariari; Ana Agirre Industriako kontseilari ohiari eta Garapen Industrialerako zuzendari Alejandro Lópezi.

Villadelprat kondenatzen duen sententziak galderak airean uzten ditu; izan ere, zalantzan jartzen du zergatik orduko Jaurlaritzako arduradunek ez zuten gaia gertutik jarraitu, laguntza ekonomikoa eman eta gero.