Iritsi da eguna: Eusko Legebiltzarrean ostegun goiz honetan onartu da soilik EAJ eta PSEk babesten duten Hezkuntza Legea. Legebiltzar atarian, Euskal Eskola Publikoaz Harrok eta Euskal Herrian Euskarazek protestak egin dituzte. Duela hogeita hamar urte onartu zen azken hezkuntza legeak bezalaxe, alderdien arteko adostasunik gabe egingo du aurrera honek ere.
"Alderdi sozialistak eta EAJk gainerako alderdien eta hezkuntza komunitatearen parte-hartzerik gabe adostutako itunaren ondorioz etorri zen" 1993ko hezkuntza legea eta publifikazio prozesua, kritikatu zuen Ikoitz Arrese EH Bilduko kideak ARGIAn. Hogeita hamar urte geroago, bazirudien adostasun politiko zabalagoa izango zuela hezkuntza lege berriak, baina Elkarrekin Podemos-IU barkutik jaitsi zen lehenengo (egungo kontzertazio eredua betikotzen dela argudiatuta) eta EH Bilduk ere barkua utzi zuen azken unean (legeak egungo hizkuntza ereduak mantenduko dituela argudiatuta). Legebiltzarreko ordezkaritza politikoaren %90ak babestu zuen hezkuntza-ituna iaz (legearen abiapuntu zena), baina %54ak baino ez du babestu legea azkenean (EAJ eta PSE gobernukideek).
Egunotan, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak errepikatu du eskola publikoa dela ardatz nagusia legean, egin zaizkion kritikei erantzunez, eta nabarmendu du hezkuntza itunean zehaztu zituzten 43 neurriak martxan jartzen hasiak direla dagoeneko.
Hezkuntza komunitatea, aurka
Kalean ere, konfrontazio eta desadostasun giroan abiatu da legea. Horren adierazgarri, hezkuntza lege berria bozkatu bitartean Eusko Legebiltzar aurrean egin dituzten agerraldiak: "Hezkuntza euskalduna behingoz!" lelopean, hezkuntza legeari planto egitera deitu du Euskal Herrian Euskaraz elkarteak, 9:00etan. Legebiltzarrean kateatzen saiatu dira. "Hezkuntza lege txerri honi ez!" lelopean berriz, 11:00etan bildu da Euskal Eskola Publikoaz Harro plataforma.
Hain justu, eskola publikoaren eta euskalgintzaren bueltako eragileak izan dira kritikoenak legearekin. Lehenengoek diote itunpeko ikastetxeak saritzen eta eskola publikoa kaltetzen duela legeak. Aste honetan bertan ideia hori berretsi du EHIGE guraso elkarteko koordinatzaile Lurdes Imazek, Berrian: diru publikoz hobeto finantzatuta egongo den sare itunpekoarekin lehiatu beharko da sare publikoa, zeina "lehen baino okerrago" geratuko den lege honekin.
Eskola publikoaren eta euskalgintzaren bueltako eragileak izan dira kritikoenak legearekin. Lehenengoek diote itunpeko ikastetxeak saritzen eta eskola publikoa kaltetzen duela legeak
Euskalgintzaren Kontseiluak ere, aste honetan bertan egin ditu adierazpenak: egungo hizkuntza ereduak mantenduko direlako kexu da eta salatu du Kontseiluak egindako ekarpen gehienak ez direla jaso legean, eta jasotakoek zehaztasun falta handia dutela. Hezkuntza lege hau "aukera galdu bat da etorkizuneko belaunaldiak euskalduntzeko". Salaketa agerraldi hau babesten eragile asko ikusi ditugu gainera (EHIGE, HEIZE, Ikastolen Elkartea, ELA, LAB, STEILAS, AEK, Euskaltzaleen Topagunea, Euskal Herrian Euskaraz, Hezten, UEU…).
Ikastolen Elkartea ere mintzatu da legearen kontra. Ikasleak euskalduntzeko eskatutako urratsak ez emateagatik ("murgiltze eredu orokortua lortzeko zehaztasunik ez eta berriro ere hizkuntza ereduak jaso dira lege proiektuan; eta ez da ageri Euskal Curriculuma"), eta bai ikastetxe publikoak bai itunpekoak bere baitan hartuko dituen Euskal Hezkuntza Zerbitzuaren zehaztapen faltagatik: "Ez da bermatzen Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren barruan egongo diren ikastetxe guztiak baldintza beretan arituko direla".
Zer dakar legeak?
Hiru erronka zituen legeak: ikastetxe publiko eta kontzertatuen sistema duala gainditzea, ikasleen euskalduntzean jauzia ematea, eta ikasleen segregazioa amaitzea. Baina benetan kontzertazioa bukatzeko, euskalduntze hobea bermatzeko eta segregazioa gelditzeko neurri eraginkorrak al ditu legeak? Artikulu honetan saiatu gara galdera horiek erantzuten eta legearen nondik norakoak, tempoak eta aurrekariak azaltzen (gogoratu Jokin Bildarratz sailburutzara iritsi aurretik Cristina Uriartek atera nahi izan zuela aurrera hezkuntza lege bat). EAEko Hezkuntza Legearen prozesu osoa gertutik jarraitu du ARGIAk, eta kanal honetan aurkituko duzu horren guztiaren berri.