argia.eus
INPRIMATU
Oporretan mugikorretik deskonektatu, seme-alabek eskertuko dizute
  • Haur eta gazteek duten pantaila kontsumoarekiko kezka nagusi den garaiotan, fokua helduongan jarri eta familia guztiarentzako gomendio baliagarriak bidali dituzte Zurriola ikastolatik, pantailek ez ditzaten udako oporrak baldintzatu.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2024ko ekainaren 26a
Deskonektatzea da uda askeago bat gozatzea, dio Donostiako Zurriola ikastolako gurasoen Teknoiz taldeak. Argazkia: Freepik

Ekaina, uztaila eta abuztuko hilabeteetan, pantailekiko esposizioa %30 hazten da adin txikikoen artean, Qustodio enpresa digitalaren arabera. Guraso askoren helburu bilakatzen da seme-alabek ez dezatela uda pasa mugikorrari, bideo-jokoei eta tabletari begira, baina adituak bat datoz: helduak eredu gara, eta alferrik da haur eta gazteei esatea ez dezatela mugikorra erabili, egun osoa sakelakoari itsatsita ikusten bagaituzte.

Oporrak, hain justu, elkarrekin konektatzeko dira: elkarrekin jolasteko, hitz egiteko, paseatzeko, egoteko… aukera ematen dute ordu libreek, ikasturtean zehar daramagun erritmo maiz estresagarriak ez baitu horretarako paradarik ematen. Deskonektatzea da uda askeago bat gozatzea, dio Donostiako Zurriola ikastolako gurasoen Teknoiz taldeak, eta horretarako zerrenda itxuraz oso egingarria bidali die gurasoei. Norberak epaitu beharko du, baina, zenbateraino den erronka sinplea, eta zenbateraino bizi den mugikorraren menpe.

Hamar puntuko erronka

Hona zerrendak dituen puntuetako batzuk: jakinarazpenak isildu (“zuk nahi duzunean begiratu mezuak, ez mugikorrak nahi duenean”); mugikorrez norbaitekin komunikatu behar baduzu, deitu; beharrezkoak ez diren aplikazioak kendu; mugikorrean kontzentratuta ditugun funtzioak dagozkien gailuei itzuli (esnatzeko iratzargailua jarri edota ordua jakiteko ordularia); etxera iritsitakoan mugikorra uzteko eta kargatzeko toki diskretu bat aukeratu, “mugikorren parkina”, batetik bestera eraman beharrean; gauez, itzali edo daturik gabe utzi; eredu garela ez ahaztu. Eta jakina, aurrez aurre hitz egin, jolastu, egon, partekatu, irakurri, bizi…

Haurrek egiten duten pantaila kontsumoaren bueltan, hainbat gogoeta jaso genituen ARGIAn, pantailak kontsumitzeko moduez, mugak jartzeko zailtasunez, baliabide gisa saihestu beharreko uneez eta beste. Azken finean, “kontua ez da hainbeste zer egiten duen umeak edo gazteak pantailari begira dagoela, baizik eta zer ez duen egiten pantailari begira dagoenean, zenbat denbora kentzen dion jolasteari, esploratzeari, sortzeari…”.