argia.eus
INPRIMATU
Operazio burua: “Istiluen aurkako borrokan eskarmentu gutxiko lan-taldea zen”
  • Ugarteko-ren aginduetara zegoen ofiziala da operazio burua, eta ez du bere burua gertatutakoaren arduradun nagusitzat jo, gainerako sei akusatuek aurkakoa dioten arren. Ertzain gehienak herri-segurtasun sailekoak izanik, askok ez zekiten pilotak jaurtitzeko eskopeta erabiltzen ezta erabiltzeko neurriak ere. 

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2018ko urriaren 16a

Kontraesanez betea izan zen Cabacas auziko lehen saioa. Sei urteren ondoren, sei ertzain eseri ziren atzo Bizkaiko Auzitegian, Iñigo Cabacasen hilketa argitzeko eginiko lehen saioan. “Zuhurtziagabekeria larriz” jokatzeagatik akusatzen dituzte seiak, baina gehienek esan dute egun hartako polizia operatiboa “zuzena eta egokia” izan zela, jende andana zegoela eta hura zela “kontrola hartzeko modu bakarra”.

Deklarazio batek zeresan handia eman du. Operazioko burutzat har litekeen ofizialak, gaur egun erretiroa hartua duenak, taldearen esperientzia falta salatu du, bera ere tartean sartuz. Ofiziala Bilboko herri-segurtasuneko ertzaina zen, eta “urteak” zeramatzan “kalea zapaldu gabe”. Harekin zihoazen beste asko ere herri-segurtasunekoak ziren, eta hortaz, “istiluen aurkako borrokan eskarmentu gutxi” zutela azaldu du. Zenbaitek ez omen zekiten pilotak jaurtitzeko eskopeta erabiltzen, ezta hauek erabiltzeko oinarrizko neurriak ere.

“Ni ez nintzen sartzearen aldeko”

Ugarteko-ren aginduetara zegoen. Ofiziala une oro Deustuko egoitzan zegoen operazioburuarekin komunikatzen zen. Ertzainak Indautxura iristerako, bi taldeetako jarraitzaileen arteko liskarra hasia zen. Ugarteko-ren agindua izan zen María Diaz De Haro kale bazterrera joatea eta momentu batez furgoitik ez ateratzea. Pilotak jaurtitzeko eskopetak erabiliz posizioaren kontrola hartzeko agindua ere berea izan zen, baina ofizialaren deklarazioaren arabera, modu “kontrolatu” batean burutu zen ekintza hori. Giroa baretzean horren berri eman zion Ugarteko-ri, baina honek Herriko Tabernara sartzeko esan zion. “Ni ez nintzen sartzearen aldeko; niregatik izango balitz, alde egingo genukeen”, esan du ofizialak.

Hala eta guztiz ere, Ugarteko-ren aginduetara egon arren, bertan gertatzen zenaren arduradun bera zen, eta bazuen ahalmena tiro egitea ekiditeko. Hori egiteko ez zela gai izan onartu du, ezin baitzuen “denari adi” egon.

Pilotaden erabilerari buruz ere galdetu diote, eta “okertzat” ikusi du ofizialak. Haren ustez, askoz ere egokiagoa zatekeen baliabide pertsonal gehiago erabili eta borrekin egoeraren kontrola hartzea. Bestalde, adierazi du ertzaintzaren furgoiak “giro abertzaleko taberna batera” sartzea istilu gehiagoren bila joatea dela, eta hortaz “oker” bat, edo “sarraski bat egin nahia” izan zela.

“Bagenuen eskarmentua”

13. eta 14.zenbakidun furgoneten arduradunek ere deklaratu zuten atzoko saioan. Biek gezurtatu nahi izan dute ofizialak esandakoa, esperientziarik gabeko taldea zela. “Halako ehundaka operazioetan” parte hartu izan duela esan zuen 14.eko ofizialordeak, “gainerako agenteek bezala”. 13.eko ofizialak berresten du besteak esandakoa, baina berak bere burua zuritu nahi izan du esanaz “nik ez nuen agindu pilotik jaurtitzeko”.

Epaiketak gaur eta bihar jarraituko du lekukoen deklarazioekin; gaur hamar eta bihar beste hainbeste pasako dira tribunalaren aurretik. Hauen deklarazioekin auziaren gainontzeko saioak datorren astean itzuliko dira.