argia.eus
INPRIMATU
Open Armsek Lampedusan porturatzea eskatu du, egoera “kritikoa” dela argudiatuz
  • Espainiar Gobernuak Mallorcako edo Maoko (Irla Balearrak) portuak eskaini dizkio Open Arms gobernuz kanpoko erakundeari, baina hauek Lampedusan (Italia) porturatzea edo ontziz aldatzea eskatu dute.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2019ko abuztuaren 19a

Algeciraseko (Andaluzia) portua eskaini zion Espainiako Gobernuak lehenengoz Open Armsi, baina bertara ez zirela joango esan zuten “urrutiegi” dagoelako; izan ere, Lampedusa eta Algeciras artean 950 milia daude, ia 1.800 kilometro. Hau dela eta, igandean Pedro Sánchez Espainiako lehendakariak Mallorcako eta Maoko portuak eskaini zizkion GKE katalanari, baina hau ere baztertu dute, “egoera muturrekoa” dela argudiatuz.

Carmen Calvo Espainiako lehendakariordeak adierazi du Espainiako Gobernuak Open Armsen jarrera “ulergaitza” dela. Espainiako Estatuaren lana ere goraipatu du: “Era guztietako laguntza eskaini diegu: lehengaiak, medikuak…”, esan du. Horrez gain, Pedro Sánchezek Espainiako Estatua Europako herrialde “aurreratuena” dela esan du migrazio-politikan, eta krisi humanitarioaren aurrean indar progresisten laguntza saretu behar dela gehitu du.

Espainiako Gobernuaren eskaintzak baztertu ditu Open Armsek urrutiegi daudela argudiatuz. Aukera horien ordez, GKE katalanak Lampedusan porturatzea edo ontziz aldatzea eskatu du, haien ontziak migratzaileen eta tripulazioaren segurtasuna bermatzen ez duela esanaz. Lampedusan porturatu eta migratzaileak Espainiako Estatura eramatea eskatu du Open Armsek.

“Egoera muturrekoa da”

GKEko bozeramaileek ontzian bizi duten egoera “kritikoa” dela salatu dute; izan ere, abuztuaren lehenetik daude migratzaileak ontzian, eta hainbat arazo izan dituzte egunotan. Osasun kontuak direla eta, familia bat baino gehiago eraman dituzte Lampedusara. Igandean lau migratzailek uretara jauzi egin zuten lehorrera iritsi nahian. Antsietate krisiak, kolpeak, borrokak eta liskarrak egunerokoak direla salatu dute bozeramaileek, eta horregatik eskatzen dute porturatzeko berehalako baimena.