argia.eus
INPRIMATU
Open Armsek ez du baztertzen Lampedusako portuan baimenik gabe sartzea
  • Hamaika egun daramatza Open Arms Kataluniako GKE gobernuz kanpoko erakundeak itsasoan, Europako herrialde batek ere ez baitu migratzaileak jasotzeko prestutasuna adierazi.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2019ko abuztuaren 12a
Argazkia: Open Arms.

Ontziko egoera jasangaitza dela adierazi dute GKEko langileek; izan ere, 121 migratzailek hamaika egun daramatzate ontzian, eta migratzaile eta boluntarioak psikologikoki kaltetuta daudela baieztatu dute. Hau dela eta, astelehenean lehengaiak eramateko ontzi bat joango dela baliatuz, psikologoak eramango dituztela adierazi dute.

Hemendik gutxira Open Armsen sarrera baimentzen ez badute, Italiako Lampedusan sartuko direla adierazi dute, “behar humanitarioak direla eta”. GKEko kideek badakite honek arazo administratibo eta juridiko larriak ekarriko dizkiela, baina esan dute “beste aukerarik” ez dutela.

160 dira ontzian

Ostiralean Open Armsek beste 39 migratzaile salbatu zituen, hondatzear zegoen egurrezko ontzi batean baitzeuden noraezean; beraz, 160 migratzaile daude orain Open Arms ontzian.

Richard Gere eta Ibiza

Richard Gere AEBetako aktoreak bisita egin zien Open Armseko migratzaileei ostiralean, eta lehengaiak eramaten lagundu zuen. Bisita hau dela eta, Matteo Salvini Italiako lehendakariordeak Richard Gereri esan zion migratzaileak bere etxera eramateko. Horrez gain, Open Arms Kataluniako GKEa denez, Italiako mandatariak Twitter bidez zabaldu du Ibizara eraman ditzatela, hor behintzat ondo pasako dutela esanda. Bestalde, Salvinik Espainiako Gobernuari esan dio ontzia berak hartu behar duela, baina Isabel Celaá Espainiako Gobernuko bozeramaileak “gertuen duten portura” joan daitezela erantzun du.