argia.eus
INPRIMATU
Open Arms ontziko migratzaile bat atzeman dute Lampedusara bidean igeri
  • Atzemandako norbanakoak ontzitik uretara jauzi egin eta portura igeri heltzeko saiakera egin du. Italiako kostazainek atzeman dute.

ARGIA @argia 2019ko abuztuaren 20a
Open Arms ontziaren lehorreratzea exijituz Bartzelonan egindako mobilizazioa (Argazkia: Fotomovimiento)

Ontzian ziren beste lau migratzailek pasa den igandean egin bezala, bosgarren migratzaile batek ere Lampedusako portura igeri heltzeko saiakera egin du astearte goizaldean. Ontzitik 800 metrora dagoen portura iritsi asmoz egin du salto ontzitik, eta bidean atzeman dute Italiako kostazainek.

Abuztuaren lehenetik ontzian dira Mediterraneo itsasotik erreskatatuak izan diren 107 migratzaile, eta denborak aurrera egin ahala ontzi barruan egoera okertzen ari da. Pro Activa Oper Arms gobernuz kanpoko erakundeko Oscar Camps-ek adierazi du “burnizko kaxa batean konfinatuta” daudela, ura eta janaria anoetan banatuta. Bere hitzetan “Libiako atxilotze zentro bateko egoeraren antza hartzen ari hau baina Italiako uretan”. Egoera kaskarraren adierazgarri, bart gauean bederatzi migratzaile eta laguntzaile bat ebakuatu dituzte, osasun arazoak tarteko.

Italian porturatzeko eskakizuna

Antsietate krisiak, kolpeak, borrokak eta liskarrak egunerokoak direla salatu dute, eta horregatik hurbilen den portuan lehorreratu beharra ikusten dute Oper Armseko kideek. Portu hori Lampedusakoa da, 800 metro eskasera baitaukate.

Italian porturatzeko baimenik ezaren aurrean, Espainiako Gobernuak Algeciraseko (Andaluzia) portua eskaini zion lehenengoz Open Arms ontziari. Alabaina, Lampedusa eta Algeciras artean 950 milia ia 1.800 kilometro daudela kontuan hartuta, urrutiegi dagoela adierazi dute Open Armseko kideek. Ostean, Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sánchezek Mallorcako eta Maoko portuak eskaini zizkien, baina muturreko egoera tarteko, aukera horiek ere baztertu egin zituen GKE katalanak.

Hala ere, Espainiako Gobernuak egindako proposamenak kontuan hartuta, Riccardo Gatti GKEko presidente italiarrak ondokoa proposatu du: Lampedusan edo Catanian (Sizilia) lehorreratzea, eta ondoren migratzaileak hegazkinez Espainiara lekualdatzea. Gattiren hitzetan, aukera horrek denbora eta gastuak aurreztea eragingo luke.