argia.eus
INPRIMATU
Ontziolen laguntzak itzuli beharko direla dio Almuniak
  • Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiaren hitzetan, Europako Batasuna egiten ari dena "paradoxa eta itxurakeria" da.

ARGIA @argia 2013ko uztailaren 12a
Ontzioletako langileak protestan artxiboko irudi batean.

Lanpostuen defentsan lan egin behar dela gaineratu du Radio Euskadin egindako elkarrizketan, "ontziola publikoak pribatizatuak izan ondoren triskantza egin ez dezaten".

Joaquin Almunia Europako Batzordeko presidenteordeak baieztatu du ontziolen sektoreak 2002tik 2011ra jaso zituzten zerga-laguntzak legez kanpokoak zirelako itzuli egin beharko dituztela.

Iñigo Urkullu EAEko Lehendakariarekin, Alberto Nuñez Feijoo Galiziako presidentearekin eta Jose Manuel Soria Espainiako Industria ministroarekin bildu ostean egin ditu adierazpenak Almuniak. Gaineratu du itzuli beharreko 2.000 milioi euroak ez dituztela ontzijabeek eta ontziolek ordainduko, baina inbertitzaileei eragingo diela.

Bruselak 2006an adierazi zuen Frantziako Estatuko laguntza-sistema, Hego Euskal Herriko ontziolek erabiltzen zutenaren antzekoa, ez zela bateragarria EBko legearekin. Almuniaren ustez, Espainiako Estatuko ontziolek hori kontuan hartu behar zuten eta mota horretako laguntzak eten.

UGT eta CCOO sindikatuek eta Espainiako ontzigileen patronalak ekainaren amaieran eskatu zuten zerga-laguntzak legez kanpokotzat joz gero, Frantziako ontziolekin egin zen bezala, ez dadila dirua itzultzeko eskatu.

Ikusteko dago neurriak nola eragingo dion ontzigintzaren sektoreari. Ontziolek dirurik itzuli behar ez izateak egoera arindu badezake ere, Galiziako ontzioletako langileak kalera irten dira erantzukizunak eskatzeko.