Espainiak 126 milioi euro itzuli behar dizkiola azaldu dio Europar Batasunari (EB), 2007 eta 2011 urteen artean tax lease diru laguntzengatik. EBren esku dago txostena, baina ez du oraindik kopurua onartu.
Espainiako Ogasunak tax lease laguntzetan inbertitutako dirua eta inbertitzaileen zerrenda bidali du Europara. Espainiak kalkulatutako kopurua Europak esandako 2.000 milioi euroetatik urrun geratzen da. Bigarrenaren esku geratzen da orain erabakia ordea, oraindik ez baitu esan 126 milioi euroko kopurua onartzen duen ala beren kalkuluen arabera gehiago den.
Atzo bildu zen Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko sailburua Jose Manuel Soria Espainiako Industria ministroarekin, baina auziak Bizkaiko eta Gipuzkoako ontziolek saldutako zenbat ontziren salmentei eragiten dien eta inbertitzaileek zenbat diru itzuli behar duten ez daki oraindik Eusko Jaurlaritzak. Halere, Tapia gustura agertu da Espainiak emandako pausoarekin "ontziolen sektoreak eta inbertitzaileek konfiantza, etorkizunera begira eta EBk onartutako finantziazio sistema berriarekin lan egiten hasi behar dutelako".