2007 eta 2011 urteen artean ontziolek "tax lease" sistemaren bidez jasotako laguntza fiskalak itzultzeko eskatu dio Europako Batzordeak Espainiako Estatuari, legez kanpokoak direlakoan.
Zigorrak ontziak finantzatu zituzten inbertitzaileek itzuli beharko dituzte; ez, ordea, ontzi-jabeek (armadoreek) eta ontziolek eurek, Europa Pressek jakinarazi duenez.
Itzuli beharreko diru kopurua ez da ontziolek aurreikusten zuten bezain handia –hasiera batean 2005etik aurrerako laguntzak itzultzea proposatu zuen Bruselak–, baina haren eragina "suntsitzailea" izango da, Pymar ontziolen patronatuak dioenez.
Europako Batzordeak oraindik ez du jakinarazi ontziolek zenbat diru itzuli beharko duten. Espainiako Industria ministro Jose Manuel Soria 2.000 milioi euroko kopurua eman zuen pasa den astean, baina artean 2005etik aurrerako laguntzez mintzo ziren europar agintariak.