"Ontzidia ez da ostiralean irtengo, baina irtengo da. Ari gara gauzak prestatzen"

Argazkia: Edu Leon - El Salto

2024ko apirilaren 26an - 00:26
Azken eguneraketa: 10:43

Istanbul. Apirilak 25, osteguna.

Zazpigarren eguna Istanbulen. Arazoak bata bestearen atzetik jaso ditugu egun hauetan, eta esan behar dugu ostiralean ezingo dela abiatu Askatasunaren Ontzidia. Irtengo gara, baina ez orain. Presio izugarriak jasaten ari gara. AEBetatik, Alemaniatik Erresuma Batutik eta, noski, Israeletik. Badakizue nolakoak izaten diren horrelako gauzak. Arrazoi teknikoak eta administratiboak jartzen dira, zuzenean debekatu behar ez izateko itsasontzien irteera. Turkiako gobernuak ezin du esan Gazara joan ezin dugunik, ez du batere itxura ona ematen Turkian mugimendu handia dagoelako Palestinako herriaren alde. Beraz, aitzakiak jartzen dituzte.

"Turkiako Gobernuak ez du ontzidia debekatu nahi, baina ez du baimenik ematen. Israelen aurrean tentsioa sortzea leporatzen digu"

Hasieran zioten komunikazio arazoak zirela, gero kontu mekanikoak, edozer gauzak balio du. Azkena izan da bihar Ginea Bissauko ikuskatzaile batzuk etorriko direla barkua aztertzera, bertako bandera duelako Akdeniz ontziak. Oztopoak jarriko dituzte. Ez dakigu zein izango den arazoa zehazki, baina zerbait egongo da. Ziur aski Estatu Batuek mehatxatu egingo zuten Ginea Bissauko Gobernua, auskalo zerekin, eta ikuskatzaileak bidali behar izan dituzte.

"Aitzakia teknikoak etengabe jartzen dituztenean argi azaleratzen dira atzealdean dauden arrazoi politikoak"

Gu ondo gaude, baina ziurgabetasun handiko egunak izan dira. Berez Turkiarekin lotu beharreko guztia egina zegoen, eta bat-batean Ginea Bissauko kontua iritsi da. Gero etorriko da beste zerbait, hori da haien jolasa. Zaila da Turkiako Gobernuaren jarrera azaltzen, gauza gehiegi gurutzatzen dira eta. Ez du ontzidia debekatu nahi, baina ez du baimenik ematen. Israelen aurrean tentsioa sortzea leporatzen digu. Harrigarria da nola kriminalizatzen duten aktibismoa. Haiek ari dira bonbak botatzen, baina guk zerbait egiten badugu, gu gara tentsioa sortzen dutenak.

Beti gertatzen da hau halako ontzidiekin. Ez dute irmoki debekatzen eta, beraz, zailagoa egiten da horren aurka borrokatzea, inork ez dizulako ezer esan. Baina aitzakia teknikoak etengabe jartzen dituztenean argi azaleratzen dira atzealdean dauden arrazoi politikoak. Pixkanaka higatzen zaituzte, desegiten joan zaitezen. Zaila da horrenbeste jende mantentzea. Baina hala ere indartsu gaude hemen, elkarrekin gaude denok.

"Ez gara oraindik etxera itzuliko, ez dakigu noiz arte, baina lanik ez da falta. Hau ez da hemen bukatzen"

Ontzidia ez da ostiralean irtengo, baina irtengo da. Ari gara gauzak prestatzen. Ideia ezberdinak daude mahai gainean, baina goizegi da ezer esateko. Gauzak ondo prestatu behar ditugu, koalizio osoa aintzat hartuta eta kontu handiz pentsatuz hurrengo pausoak. Baina ontzidia berpiztu beharra dago. Ez gara oraindik etxera itzuliko, ez dakigu noiz arte, baina lanik ez da falta. Hau ez da hemen bukatzen, guk jarraitu egingo dugu. Itsasontziak hor daude, bilatuko dugu modua.

 

Pili Revilla, Agus Gorbea eta Mikel Zuloaga 'Mikelon'


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Askatasunaren Ontzidia
"Badira hartzea merezi duten arriskuak, genozidioa gelditu behar dugu"

Hiru militante euskaldun ari dira parte hartzen Askatasunaren Ontzidian, Turkiatik Gazara laguntza humanitarioko 5.500 tona material eraman nahi dituen nazioarteko ekimena: Pili Revilla, Agus Gorbea eta Mikel Zuloaga ‘Mikelon’. Apirilaren 18an hartu dute Bilbotik... [+]


Askatasunaren Ontzidiak Israeli leporatu dio irteera gelditu izana

Gazara doan Adkeniz itsasontziaren irteera eragozteko Israelen ahaleginek beste traba bat jarri dute. Gazako itsas-blokeoa hautsi nahi duen misioaren paturako behin betikoa izan liteke.


2024-04-24
Gaza helburu duen Askatasunaren Ontzidiaren irteera berriz ere atzeratu da

Astelehen gauean iragarri zuen antolakuntzak ontzidia apirilaren 24an, asteazkenez, itsasoratuko zela, baina gutxienez ostiralera arte atzeratu dute irteera.


Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Eguneraketa berriak daude