argia.eus
INPRIMATU
Ontzi bat hondoratu da Marokoko uretan, 86 pertsonarekin
  • 22 pertsonaren hilotzak aurkitu dituzte Marokoko kostazainek, eta gainontzekoak desagerturik segitzen dute.

ARGIA @argia 2021eko irailaren 02a
Argazkia: Euro Mediterranean Human Rights Monitor

86 migratzaile zeramatzan eta Kanarietara zioan ontzi bat hondoratu da Marokoko uretan. Marokoko kostazainek 22 hilotz berreskuratu dituzte: 21 emakumerenak eta bi urteko neskatoarena. Beste gorpurik ez da aurkitu momentuz.

Helena Maleno Giza Eskubideen Defendatzaileak jakinarazi duenez, ontzian zioazen 86 pertsonetatik 36 emakumeak ziren, eta hamahiru adin txikiko neskatoak. Gehienak Ginea eta Boli Kostakoak ziren. Mugetan bizia galtzen duten emakumeak asko direla salatu asmoz, Malenok azpimarratu du hilda agertu den bi urteko haurra Nadorren (Maroko) jaioa zela, bere amak hara migratu zuelako haurdun zegoenean, jaioterritik ihesi.

Etenik gabe errepikatzen den ezbeharra

Pertsona migratzaileen eskubideen aldeko Caminando Fronteras kolektiboko parte da Maleno. Kolektiboaren arabera, 2021an 2.000 pertsona hil edo desagertu dira Kanarietara bidean. Igandean bertan jakinarazi zuten hamabi egunez itsasoan galduta egondako ontzi bat aurkitu zela, bertan zioazen 55 pertsonetatik 29 hilak zeudela. Zortzi adin txikiko zeramatzan ontziak, eta bakarrak lortu zuen bizirautea.