Azkar etorri da gizarte mugimenduen erreakzioa, Frantziako Gobernuak debekatu ostean COP21aren inguruko kaleko manifestazio handiak: "On lâche rien!" (Ez eman ezertan amore) leloa zabalduz, mobilizazioei eusteko deia egin dute.
ATTAC mugimendu altermundialistak jarri du lehen harria. Parisko sarraskien ondoren, François Hollande presidenteak Frantzia gerran dagoela deklaratu zuenean, ATTACek "Gerra hau ez da gurea" egin zion arrapostu. Gobernuak gerraren logikan urrats berriak eman dituenean, Parisko prefetaren debekuari erantzuten ere lehenengoetakoa izan da erakunde hori: "Klimaren aldeko herritarren mobilizazioei eusteko deia" barreiatu du berehala.
Gero Alternatibak hartu du lekukoa eta firma bilketari ekin dio, agintarien epelkeriaren aurrean herritarrek iritzia azaltzeko eskubidea eduki dezaten eskatzeko. "On lâche rien!" manifestuak 10.000 sinadura bilduak zituen ostegun (19) goizerako. Ondoko egunetan ikusiko da nola eta zein formulatan uztartzen diren agintarien debeku irmoak eta gizarte mugimenduen kalera ateratzeko erabakia.
Esloganak aipatzen du "On lâche rien!" kanta -euskaraz itzuliko genuke "Ez dugu utziko ezer bazterrean" edo "Ez dugu amore emango"- HK & les Saltimbanks taldeak egina eta mugimendu altermundialistak aspaldi honetan beretzako hartuta daukana.
Mobilizazioei eusteko deialdia Edgard Morin soziologo patriarka ezkertiarraren hitzokin amaitzen dute: “Gaur egun zeri egin behar diogu kontra? Bi barbarieren aurrean erresistitu behar dugu: bata ezagutzen dugu eta bere burua erakusten du atentatuekin eta klase guztietako fanatismoekin; eta bestea da kalkuluaren, diruaren eta interesaren barbariea. Gaur denok egin beharko genieke biei aurre".