argia.eus
INPRIMATU
Onkologikoa bizirik behar dutela aldarrikatu dute
  • Onkologikoko Pazienteen eta Erabiltzaileen Batzordeak eta Enpresa Batzordeak deituta, ehunka lagunek manifestazioa egin dute larunbat eguerdian Donostian, Onkologikoa bizirik! Monografikoa lelopean. Bulebarreko kioskotik abiatu da mobilizazioa, eta Erdialdeko kaleetatik ibili ondoren, Zuloaga plazan egin dute bukaerako irakurketa. Aipatu bi eragileez gain, beste hainbat eragilek ere bat egin dute manifestazioarekin: Iñurri elkarteak eta Donostialdea Osasun Publikoaren Alde mugimenduak, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, esaterako.

Irutxuloko Hitza @irutxulo BeƱat Parra @parrabenat 2022ko urriaren 17a
Ehunka lagun mobilizatu dira Onkologikoaren alde. (Argazkia: Joseba Parron San Sebastian / Irutxuloko Hitza)

Manifestazioan, ideia bat nabarmendu dute manifestariek, nagusiki: “Onkologikoa bizirik behar dugu, gu bizirik mantentzeko”. Horrela, “Onkologikoa bizirik”, “Sagardui, gezurrik ez” eta “Kutxa, escucha, estamos en lucha” aldarriak bota dituzte manifestazio guztian zehar. Aipatzekoa da, halaber, txaranga batek girotu dutela mobilizazioa hasieratik bukaerara.

Zuloaga plazara heldu direnean, Onkologikoko bi erabiltzailek hartu dute hitza, eta salatu dute Kutxa Fundazioak eta Eusko Jaurlaritzak Onkologikoa Osakidetzan integratzeko hitzarmena sinatu zutenetik (duela lau urte), zentroa “gutxiegi” erabiltzen ari direla: “Ia ez dago jarduera kirurgikorik eta oheen %10-%15 baino ez dira erabiltzen. Baliabideen gutxiegi erabiltze hori lotsagarria da, itxaron zerrenda onartezinak pilatzen dituen osasun egoera batean; dauden baliabideen optimizazioa exijitzen dugu”.

Era berean, gogorarazi dute Onkologikoak izaera monografikoa izan duela bere sorreratik, 1933tik: “Modu integralean tratatu ditu patologia onkologikoak, eta diagnostikoak proposamen terapeutikora heldu ditu beharrezkoa izanez gero, kirurgia barne”. Aldiz, hori gaur egun ez da hala, Olatz Mercader erabiltzaileak pasa den astean prentsaren aurrean azaldu zuen moduan: “Nire ama 2012an hil zen, minbiziak jota. Tratamendua jasotzen ari zenean, bere ohiko egun bat honakoa izan zitekeen: 07:30ean Onkologikora etorri, hemen bertan odola atera, eta kontsultara igotzen zenerako, analisiaren emaitzak zituen. Horrela, 45 minutuan kimioterapia tratamendua prestatzen zioten eta jasotzen hasten zen. Orain, odola gure herriko anbulatorioan atera behar dugu, horrek paziente onkologikoontzat eragiten duenarekin; ilerik gabe ikusten zaituztenean zurrumurruak, eta abar. Ondoren, Onkologikora gatoz, eta bi ordu inguru itxaron behar ditugu kontsultara igotzeko. Eta, ondoren, kimioterapia Donostia Ospitalean jasotzeko beste hiru orduz egon gaitezke zain. Bost orduko itxaronaldia gehiegizkoa da paziente onkologiko batentzat eta bere laguntzailearentzat”.

Horregatik, erakundeei eskatu diete “behingoz zehaztu dezatela Onkologikoaren etorkizuna, beti izan duen izaera monografikoa errespetatuz”. Era berean, zentroa Euskal Osasun Publikoan “guztiz” integratzeko eskatu dute, erabiltzaileak kontuan izanda eta langileak sistema publikoaren barruan sartuta.

Irakurketaren amaieran, lau dantzarik manifestarientzako dantza egin dute, eta Mikel Laboaren Txoria txori abestu dute, denek batera. Jarraian manifestazioaren bideoa ikus dezakezue, Jon Galfarsoro Onkologikoko langileak eta Sandra Barkaiztegi erabiltzaileak hedabide honi eskainitako hitzekin:

Joseba Parron San Sebastian argazkilariak irudi bilduma osatu du manifestazioan: