2018ko uztailetik EZEZ Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak gradu aldaketa lortzeko euskal presoek egindako ziento erdi eskaeratik gehienei ezezko ebazpenez erantzun die. Bi kasutan soilik onartu du presoak bigarren gradura igarotzea. Etxerat elkarteak gaia salatu eta erabakiok presoei eragindako kalteez gain senideengan dauzkaten ondorioak nabarmentzearekin batera, Onintza Ostolaza abokatuak gaiak epaitegietan daraman bidearen balantzea egin du.
Etxeratek deituta, euskal preso politikoen senideek beste behin ere hedabideen aurrean salatu dute espetxeetan euskal militanteei ezartzen zaien tratu txarra: "Euskal gizarteak, bere erakundeek eta eragile politiko eta sozialek preso guztiak Euskal Herriko espetxeetara hurbiltzeko aldarrikatu dute, adinekoak diren eta gaixorik dauden presoen askatasuna eskatu dute, zigorrak batzeko Europako irizpidea bete behar dela adierazi dute eta lehen graduak ezartzen duen oztopoa gainditu egin behar dela uste dute. Salbuespen espetxe politika honen pairatzaile noiz arte izango gara?"
Gradu aldaketa lortzeko eskaerei erantzunez jasotako ezezko ebazpenek kalte egiten digute senideoi, presoen etxeratzea atzeratzen duelako. Etxean eta bizirik nahi ditugu! https://t.co/VaYhdr1tiE pic.twitter.com/uShXV6uGtn
— Etxerat Elkartea (@EtxeratElkartea) October 11, 2018
Agerraldian Onintza Ostolazak laburbildu du zertan den une honetan 1. gradutik 2.era aurreratzea eskatu duten presoen afera. EZEZ Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak uztailetik gaur arte 50 Autotan erantzun die iritsi zaizkien eskariei. Hauetatik epaileek bakarra igo dute 1. gradutik 2.era; egon den beste gradu aldaketa espetxe administrazioak berak eman du. Ezezko motibazioen oinarri juridikoak banan bana eztabaidatu ostean, honela laburbildu du graduen afera Ostolazak:
"Esan dugu, gaur egun 70 helegite inguru daudela ZEZ-ean, ebazpenaren zain, 1. gradutik 2.era pasatzeko eskatuz. Beste hainbat eskaera, aurreko fasean daude, hau da, fase administratiboan, eta bertan, Espetxe Erakundeen Idazkaritza Orokorrak erabaki behar du progresio hau onartu edo ez. Honen aurretik, 3 hilabetean behin, espetxe bakoitzeko Tratamentu Juntek erabakitzen dute presoa 1. graduan mantendu edo ez.
Azpimarratu nahi dugu, guk defenditzen ditugun gehienak, 1. graduan egonda ere, 2. graduko moduluetan aurkitzen direla, 2. graduan dauden presoekin bizikidetzan. Beraz, errejimen itxiko edo isolamenduko moduluetan aurkitzen diren 30 preso politikoak kenduta, beste guztiak (175 inguru), “de facto” 2. graduko moduluetan aurkitzen dira, 1. graduko murrizketekin (patiora ateratzeko mugaketak, aktibitateak egiteko mugatzeak,...). Beraz, gure defendatuak sistematikoki eta iraunkorki 1. graduan mantentzeak, gure ustez, badu helburu ezkutu bat: presoek bide penitentziario legal eta bakarkakoa egitea oztopatzea. Badakitelako, bide hau egiten uzten bazaie, 2. gradua lortu ondoren, irteera-baimenak eskuratu ditzaketela, ondoren 3. gradua eta azkenik, baldintzapeko askatasuna. Beraz, bakarkako bide legala egitea oztopatzen ari dira, hori egiteko exijitzen ari diren instantzia berberak.
Beraz, organo judizial eta administratibo hauei guztiei eskatzen diegu (Espetxe Zaintzarako Epaitegi Zentralari, Espetxe Erakundeen Idazkaritza Orokorrari eta espetxe bakoitzeko Tratamentu Juntari), legedia aplikatu dezaten, gaur egun indarrean dagoen espetxe legedia, eta horren arabera, euskal preso politiko guztiak 1. gradutik atera eta 2. graduan (errejimen arruntean) ezarri ditzaten, benetan, bakarkako bide legala egiten jarraitu dezaten".