argia.eus
INPRIMATU
Ongietorriak deslegitimatu ditu Jaurlaritzak Udaberri bizikidetza planean
  • Maiatzean aurkeztu zuten zirriborroari hainbat puntu gehitu dizkiote, eta ongietorriak “de facto indarkeriaren kultura politikoaren gorespena” direla adierazi dute. ETAren biolentzia erabili eta justifikatu dutenei “gogoeta kritikoa” eskatu diete.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko irailaren 21a
Rodriguez Ranz, Artolabal eta Hernandez asterateko agerraldian. Argazkia: Irekia

Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak asteartean onartu du Udaberri 2021-2024 bizikidetzaren, giza eskubideen eta aniztasunaren plana. Maiatzean aurkeztu zuten lehen zirriborroa, eta EAEko alderdi politikoekin –VOXekin izan ezik–, biktimen elkarteekin eta beste erakunde batzuekin “kontraste prozesua” egin ondoren, behin betiko testua aurkeztu dute aste honetan.

Egindako aldaketen artean, “oraindik gure inguruan sortzen diren indarkeria, intolerantzia eta sektarismo adierazpenak” deslegitimatzea dago. Terrorismoaren eta indarkeriaren biktimei zor zaien errespetuaren eta aitorpenaren aurka egiten diren hainbat ekintzaren inguruan jardun dute adierazpenean, eta horien artean aipamen berezia egin diete ongietorriei.

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak azaldu duenez, ekitaldi horiek “gizatasunetik harago, jendearen eta familiaren goxotasuna adierazteko diren arren, de facto indarkeriaren kultura politikoaren gorespen sinbolikoa eta biktimen bidegabekeria eta berbiktimizazioa dira”. Modu horretan, ETAren biolentzia erabili edo justifikatu dutenei “gogoeta kritikoa” egiteko eskatu diete, arlo politiko eta sozialean “indarkeriaren kultura” alde batera uzteko.

Beste hainbaten artean, biolentzia horren erakusletzat aipatu dituzte kaleko pintadak, mehatxuak, indarkeria fisikoak eta hitzezkoak zein Ertzaintzari egindako erasoak. Indarkeria armatuaren garaian hautsitako bizikidetzara bueltatzeko, “aniztasuna zaindu eta bultzatzea” planteatu dute testuan, eta sektore guztien eskubideak benetan babesten direla bermatzeko  —"batez ere biktimenak eta sektore ahulenak” — ekintza horiei muga jarri behar zaiela zehaztu dute.

Terrorismoaren legea

Bizikidetza planaren helburu gehigarrietan, Jaurlaritzak aurreratutako hainbat xederi buruz mintzo dira. Terrorismoaren Biktimen Euskal Legea aldatzeko eztabaida plazaratu dute, baita ETAren biktimen lekukotzak jaso, txostenetan bildu, horren inguruko hezkuntza programak antolatu eta elkarteei laguntzak bideratzeko planak egitea ere. Bestalde, Poliziaren indarkeria jasan duten biztanleei aitorpena emateaz dihardute, eta Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoaren Legea onartzeko lehen pausoak egin nahi dituztela bildu dute.