20 urteko espetxealdiaren ostean Lorentxa Beyrie Kanbora itzuli da eta ongietorria egin diote. Ehunka lagun bildu ziren maiatzaren 1ean herriko baratze publikoan preso ohiari harrera egiteko.
Ostiralean irten zen espetxetik Beyrie eta larunbatean egin zioten ongietorria bere herrian. Ekitaldiari Kanboko ziganteek eman zioten hasiera eta balsa dantzatu zuten Beyrieren argazki bat lepoan zutela.
Berriak batu duenez, Ellande Alfaro eta Maddi Sarasua bertsotan aritu ziren, Beyrieren “borrokarako indarra” azpimarratuz. Aire Ahizpak taldeak ere hartu zuen parte ekitaldian. Hogei urtean espetxeetara bisitan joandako lagunek sokadantza dantzatu zuten eta Beyrie ere batu zen dantzara. Kattin Bergarak, Beyrieren lagunak, gutun bat irakurri zuen, eskerrak ematen: “Milesker Lorentxa, zarena izateagatik, eta milesker zarena gurekin partekatzeagatik. Ongi etorri etxera!”.
Herriko eta inguruko gazteek kanta bat idatzi zioten harrera egiteko eta Niko Etxart abeslariak Oihaneko zuhainetan abestia kantatu zuen. Ekitaldia bukatzeko aurreskua dantzatu zuten hainbat lagunek, dozena bat euskal preso ohi eszenatokira igota.
“Ez naiz kartzelatik aterako zerbait zerotik hasteko”, dio Lorentxa Beyriek, Ipar Euskal Herriko Hitzan Joanes Etxebarriak egindako elkarrizketan. Ostiralean bertan mintzatu zen Joanes Etxebarria kazetariarekin eta ongietorrirako gogoa erakutsi zuen: “Gogoa dut, gainera, ikusteko jendea eta jende berri anitz”.
Beyrie espetxean zela hasi zen margozten eta egun margolanak eskuragai daude. Etxekoei eskerrak eman dizkie margolanekin lagundu izanagatik: “Bazekiten enetzat zein inportantea zen kontaktua ukaitea. Etxekoek zubi lan hori etengabe egin dute, etengabe. Margoekin ere sekulako lana hartu dute, hori segur”.