argia.eus
INPRIMATU
Ongi etorrien inguruan Sortu “hausnarketa” egiten ari dela adierazi du Arkaitz Rodríguezek
  • ETAren biktimek modu “zintzoan, eraikitzailean eta pribatuan” egiten dizkieten eskaerak beti “aintzat” hartu dituela adierazi du Sortuko idazkari nagusiak, eta ongi etorrien kasuan “eskaera horiek betetzen saiatzeko” ahalegina egingo duela.

ARGIA @argia 2021eko urriaren 22a
Irudia: eitb.eus

Radio Euskadiko Boulevard saioan elkarrizketatu dute Rodríguez, eta besteak beste presoei egiten ohi zaizkien ongi etorriez hitz egin du. Esatariak galdetu dio ea Sara Buesa bezalako ETAren biktimek egindako eskaerei positiboki erantzuteko asmoa duen ezker abertzaleak, hau da ongi etorriak egiteari utziko zaion. “Gogoeta bat egiten ari gara, aste honetan asteleheneko adierazpena pozez hartu duten ETAren biktimak dauden heinean eskaera hori helarazten ari zaizkigunak, modu eraikitzailean, zintzoan eta, funtsezko zerbait den zerbait, pribatuan”, erantzun du Rodríguezek. Biktimen eskaerak beti hartu dituztela “aintzat”, eta ongi etorrien kasuan ere horrela izango dela gaineratu du: “Sortu bere esku dagoena egiten saiatuko da eskaera horiek betetzen saiatzeko”.

Aieteko adierazpena

Rodriguezek berak eta Arnaldo Otegik astelehenean Aieten egindako adierazpenaz ere aritu da Sortuko idazkari nagusia. “Ez da erraza izan”, adierazi du alderdiaren barnean adierazpenak izan duen eraginaz galdetuta: “Gure artean militanteak daude kexu direnak guk soilik egiten ditugula urratsak norabide horretan”. Astelehenaz geroztik adierazpenagatik zoriontzeko mezu “zenbakaitzak” ere jaso dituela adierazi du. Adierazpenaren beharra defendatu du, eta barne mailan pedagogia handia egiten ari direla azaldu du.

PSEk, Jesús Egigurenek edo Jose Luis Zapaterok adierazpenari eginiko harrera beroak aliantza politika berriak iragartzen ote dituzten galdetuta, Rodríguezek adierazi du hori ez zela helburua, baina “urteetan altxatutako lubakiak” eraistea ekarriko balu, “berri ona” litzatekeela.