argia.eus
INPRIMATU
Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak Kanarietako makro-kanpamenduetan 9.000 migratzaile sartu dituztela salatu du
  • Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak Kanaria Handiko, Tenerifeko eta Fuerteventurako (Espainiako Estatua) makro-kanpamenduetan 9.000 gazte migratzaile baino gehiago sartu dituztela salatu du igande honetan Bilbon.

Oihane Arretxea Bereziartua @oihane_arretxea 2021eko martxoaren 01a
Argazkia: Ecuador etxea

Elkarteak zabaldutako oharraren arabera, ekintza honen bitartez 2020ko urtarriletik Kanariar Uharteetara iritsi nahian Ozeano Atlantikoan ito diren 2.000 pertsona baino gehiagoren heriotzak gogoratu eta salatu nahi dituzte. Aldi berean, Europar Batasuneko gobernuen immigrazioaren aurkako politikek —Espainiako gobernuarenak barne— heriotza horietan duten erantzukizuna mahaigaineratu dute.

Halaber, migrazio hauen atzean dauden zenbait arrazoi agerian jarri dituzte. Esaterako, Europako gobernuetako tropek, bereziki Frantziakoek, Maliko gerran parte hartu izanak “Maliko ehunka gazte eraman ditu Kanarietara ihes egitera”. Bestetik, “Europar Batasunak Afrikako 13 gobernuri arrantzarako ezarritako akordio neokolonialak” ere salatu dituzte. Izan ere, horren ondorioz, “Senegalen bereziki, ehunka mila enplegu suntsitu dira eta milaka gazte Europara bidali dira Kanariar Uharteetatik”.

Era berean, Espainiako Gobernuak Kanarietara ihesi joaten diren gazteei egiten dien “harrera eskasa eta ez-duina” salatu nahi izan dute. Zehazki, Kanaria Handian, Tenerifen eta Fuerteventuran 9.000 gazte migratzaile baino gehiago atxikitzeko makrokanpamenduetan sartu dituztela salatu dute. “Ez dituzte bertan bizitzeko gutxieneko baldintzak betetzen” eta "Greziako eta Lampedusako uharteetan erabiltzen diren politika berak ditu", adierazi dute. “Kartzela-uharteak” eraikitzen dituzte, “Afrikatik eta Asiatik datozen migratzaileak Europako kontinentera sar ez daitezen.

Horren aurrean, zenbait eskaera egiten dizkiete Europar Batasuneko gobernuei. Lehenik eta behin, “bidaiatzeko sistema seguru bat ezar dezatela”, milaka migratzaile hiltzea eragotziko duena. Bigarrenik, “Afrikako herrialdeetako gatazketan zuzenean edo zeharka parte hartzeari uzteko exijitzen diete”. Azkenik, EB eta Afrikako herrialdeen arteko akordio ekonomikoak bi aldeentzat bidezkoak eta onuragarriak izan daitezela eskatzen diete, gaur egun gertatzen den moduan, Europako enpresentzat soilik baitira mesedegarri.

Gainera, Espainiako Gobernuari Kanarietara iristen diren migratzaileek harrera duina egitea eta giza eskubideak errespetatzea eskatu diote, gaur egun martxan dagoen atxiloketa-eremuen politika bertan behera uztearekin batera.

Amaitzeko, elkarteak babesa eta elkartasuna adierazi die Kanariar Uharteetara iritsitako migratzaileei, egiten ari diren erresistentzia ekimenei eta jatorrizko herrialdeetan altxatzen ari diren mugimendu sozialei. “Pandemia-egoera batean turismoaren monolaborantzak larriagotutako krisi ekonomikoa bizi duten kanariarrei” ere babesa adierazi nahi izan diete eta uharteetan sortzen ari diren elkartasun-sareak ospatu dituzte, migratzaileen oinarrizko beharrei erantzuteko eta egoera salatzeko antolatzen ari baitira.