argia.eus
INPRIMATU
Iraultza Txikien Akanpada
Ongi Biziz elkarrekin hausnartu, eraiki eta borrokatzeko topagunea
  • Mundua “errotik” aldatzea xede, Artean (Bizkaia) ospatuko da Iraultza Txikien Akanpadaren (ITA) bigarren edizioa, 2018an Zubietan antolatutakoaren ostean. Abuztuaren 25a eta 29a bitarte herri mugimenduen topagune bilakatu nahi dute kanpaldia.

ARGIA @argia 2021eko uztailaren 10a
Argazkia: ITA

Hainbat herri mugimenduetako kidek agerraldia egin dute ostiral arratsaldean, Arteako Basoa Defendatzaileen Etxean. Bertan eta inguruko herrietan ospatuko da bigarren ITA. Zuhaitzez eta belardiz inguratuta, hamaika borroken ikurrak eskutan eta kanpin denden artean irakurketa eman diote manifestu bati euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta arabieraz. Beren sentsibilitateak eta militantzia esparruak askotarikoak direla azaldu dute, baina gauza batean bat datozela: “Mundu hau errotik aldatu nahi dugu”.

Agerraldian presente zeuden lagunetako asko lehenbiziko ITAn parte hartu zuten, izan antolakuntzan, izan kanpaldiaren egunetan: “Ariketa hartan ehundutako konplizitate eta afinitateek sortutako txingarrek piztuta jarraitzen dute, eta sugarren gose dira”. Azken urteko osasun krisia “eta bere baitan eman den ofentsiba kapitalista”, txingar horiek ahuldu dituzten “baldekada ur” izan direla uste dute, baina, aldi berean, lehen lerrora ekarri duela “elkartasunaren balioa”.

Herri mugimenduen topaleku

Aurtengo ITAren helburu nagusia herri mugimenduen “topaleku” izatea da: “Ez dugu berdin pentsatzen, baina badakigu elkarturik eraginkorragoak garela. Elkar-elikatu nahi gara, batzuk besteotatik ikasi, geure lubaki propioetatik haratago begiratu”. Erantzun itxiak eman baino, galderak konpartitu nahi dituztela azaldu dute antolatzaileek, eta “horien inguruan elkarrekin hausnartzeko, elkarrekin borrokatzeko eta elkarrekin eraikitzeko espazio komuna” sortu.

Egitarau mardula, Ongi Bizitzea oinarri

Egitaraua ez dute erabat itxita eta aurrerago ezagutaraziko dute, baina Zubietako 2018ko edizioan bezala izango dira hitzaldiak eta mahai-inguruak (30 inguru), emanaldi kulturalak (musika, poesia, bertsoak, monologoak...), haurrentzako jarduerak eta espazioak edo mobilizazio desobediente bat. 2018an baino kopuru handiagoan, orduan kanpaldiak hiru egun hartu baitzituen, eta oraingoak bost. Hori guztia, Ongi Biziz: aldarrikatzen duten jendarte eredu berria praktikara eramanez erlazionatzeko, borrokatzeko, edo kanpaldia aurrera ateratzeko antolatzeko orduan.

“Euskal Herriko militante denak Iraultza Txikien Akanpadara gonbidatzen ditugu, abuztuaren 25etik 29ra Basoara etortzera gonbidatzen zaituztegu. Euskal Herri berri bat argiztatzera gonbidatzen zaituztegu. Piztuko dugu sua?”, amaitu dute agerraldia.