argia.eus
INPRIMATU
“Landareak lantzen” Jakoba Errekondoren gida-liburu berria kaleratu du ARGIAk
  • Landareak zaintzeko garai bakoitzean zer lan egin behar den eta nola, xehe azaltzen du gida-liburu honetan Errekondok. Antton Olariagaren iruditegiak jantzia dago. 2018an gure denbora plazerez eta ganoraz antolatzeko tresna da aldi berean liburu eta aldi berean agenda den hau.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2017ko irailaren 13a

Eskutan hartu orduko goxotasuna transmititzen du liburuak, gustu fina, zerbait atsegina. Antton Olariagaren azalak eta paper birziklatuak izango dute horretan zerikusia.

Gure lurra eta astroei begira

Gida-liburuaren lehen orrietan aurkituko dugu urte sasoien azalpena, Euskal Herriko klima mapa eta urteko ilgora-ilbeheren eta ilberri-ilzaharren zikloen egutegia. Aipatutako ilargi kontuen artean bereizten ez dakigunok lasai, behingoz ikasteko azalpena bertan dugu eta. Ilargiaren eraginez ere gehiago ikasiko dugu liburu honetan.

Hilean hileko eta astean asteko lanak

Orriak aurreratu ahala, esku artean agenda oso berezi bat dugula jabetuko gara: Hilabete bakoitza Antton Olariagaren begietatik ikusiko dugu, hasteko. Epe horretan zer lan egin behar diren eta nola azalpenak ematen dizkigu liburuak: bai baratzean, fruitugintzan, lorategian edo basoan. Orrialde bakoitzak astebeteko agendaren orria erakutsiko digu, esaera batek alaitua: lurra lantzen dutenek baliatu ahal izango dute aurten egun bakoitzean zer eta nola egin duten xehe idazteko, uzta datorrenean zertan asmatu den eta hurrengorako zer beste era batera egin, ondorioak atera ahal izan ditzaten. Lurra lantzen ez dutenek, bestelako lanen martxa eramateko baliatu ahalko dute, ohiko agenda moduan.

Lana zentzuz egiteko erremintak

Gida-liburuaren amaierako orrietan dugu "baratzea egiteko zortzi urrats" gida, inoiz lantegi horretan aritu ez dena ere "hurrengo urtean bai" tentatuko duena. Zein landare zein landarerekin ongi edo gaizki moldatzen den taula ere oso argigarria suertatuko da baratzea antolatzerakoan. Baita barazki bakoitzak noiz uzta ematen duen agertzen duen taula ere, urtaroak planifikatzeko.

Ongarriketari buruzko taulak esango digu landare bakoitzak zer ongarri klasetik zenbat behar duen. Eta gaitzak datozenerako, tratamendu naturalak nola egin erakusten digu liburuak.

Euskal Herrian ekologikoan ekoizten dutenak

Gida-liburu edo agenda oso honen beste ekarpen handietako bat da, Euskal Herri osoan ekologikoan ekoizten edo eraldatzen duten laborarien zerrenda ekartzen digula: Herri bakoitzean zein laborarik zer gai egiten duen jakingo dugu honi esker.

12 euroan salgai ARGIAn

Ikasteko, erabiltzeko, eta eguneroko bizitzako bizipenekin norberak aberasteko irekia dago gida-liburua. Berau etxeratzeko edo besteri oparitzeko, ARGIAn duzue aukera: deitu (0034) 943 37 15 45 zenbakira, idatzi denda@argia.eus helbidera edo erosi internetez ARGIAren dendan.

Aurkezpenak:

- Irailaren 20an Astigarragan: 19:00etan, lekua zehazteke.

- Irailaren 23an Busturian, Axpe auzoan: 10:00etan, azoka ekologikoan.

- Irailaren 28an Donostian: 11:30etan, Bretxako baserritarren azokan.

- Irailaren 28an Azpeitian: 18:00etan, Kimu Baten.