argia.eus
INPRIMATU
Ondokoa hil eta alarguntzeko, alarguntsa-belarra
  • Hasieran nerbio-sistema zentrala kitzikatzen du, zeina gero, aldiz, lasaitu eta paralizatu egiten baita. Ahoz hartuta, mihian nolabaiteko inurritze sentsazio bat sortzen du; nerbio periferikoak, hasiera batean kitzikatuak, gero sorgortu egiten dira. Xurgatutako kopurua nahikoa bada, gonbito larria eta buruko mina eragiten ditu, baita aurpegiaren zurbiltasun handia ere. Pultsua hautematea zailagoa gertatzen da, eta maiztu egiten da. Sudurreko mukosaren narriadura areagotu egiten da, eta askotan doministikuekin batera dator. Pultsua nahasi egiten da, eta ondoeza orokortu; hala, hotz-sentsazioa eta arnasestua izaten dira, eta behin eta berriz itotzeko krisialdiak. Azkenean, sentimena galdu egiten da, gorputza paralizatu egiten da, eta orduan bakarrik, irabelarra irentsi eta lau edo bost ordura, konortea ere galduta, heriotza gertatzen da, bihotzeko edo arnas paralisiagatik”.

Jakoba Errekondo 2022ko otsailaren 10a

Pio Font i Quer handiak 1961ean argitaratutako Plantas medicinales, El Dioscórides renovado liburu mardulean idatzitako irabelarrari (Aconitum napellus) buruzko testu argigarri eder honekin hasi nahi izan dut belar horri buruzko hau.

Jaume Rusell Fossasek, Ripoll eta Puigcerdako epaitegietako forentse eta Pirinioetako landare pozoitsuen ikerlari sonatuak, honela deskribatzen du irabelar hiltzailearen lana. Hartu eta hamar minuturen buruan, ahoa sutu eta bihotzerrea eta oka... Jariapena areagotzen du, gorputz osora azkar hedatzen diren bero sentsazioa, hantura eta ziztadak; sentikortasun periferikoa nabarmen murrizten da, buruko mina eta izerdia. Arnas mugimenduak osatu ezinik, pultsuak indarra eta maiztasuna galtzen ditu. Modu depresiboan eragiten du gorputzean, eta nerbio-, burmuin-, bizkarrezur- eta bihotz-sisteman eragiten du. Bat-batekoa da, bradikardia gaiztoa eragiten du eta taupadek behera egiten dute. Eta, 35-40 minutuan, hilda egon zaitezke.

Gure inguruko landarerik dotoreenetakoa eta era berean pozoitsuena da irabelarra; akonitina du landare osoak, gehiena sustrai lodikotean. Eskuetan hartu eta azaletik ere pozointzen du. Akonitina miligramo bakar batek arazo larriak sortuko dizkigu, eta lauzpabostek hil egin. Konparaziorako, lan berdina gauzatzeko, 60 bat miligramo artseniko behar da.

Goi mendietan bizi da, batez ere azienda biltzen den artegietan, bordetan eta nitrogenoa eta materia organikoa pilatzen den inguruetan. Izen gehiago ere baditu gurean; “belar pozoiduna”, adibidez. Baita “otseri” eta “otseri-belar” ere: Pirinioetako istorio batek dio artzainek otsoekin burutu ezin eta haiek akabatzeko asto bat hil eta irabelarrez bete zutela; hurrengo egunean, inguruan azaldu ziren denak hilda. Alarguntsa-belarra ere esaten zaio, hemen aldamenekoa pozoitzen duena soilik emakumea balitz bezala... Egia da, gizasemeok jo eta zuzenean gure eskuekin hiltzen ditugu emazteak.