Ondoezaren epidemiaz


2024ko apirilaren 26an - 09:47

Ez gaude ongi. Lagun eta senideei begiratzearekin nahikoa dugu horretaz ohartzeko. Estres, antsietate eta depresio kasuek gora egin dute azken urteotan, eta osasun mentaleko sailak pazientez gainezka daude. Hori gutxi balitz bezala, egin diren ikerketek frogatu dute gure gurasoen belaunaldia baino okerrago biziko garela lehenbiziko aldiz. Non ote da opa ziguten etorkizun zoragarria? Non etengabeko aurrerabidea?

Egiatan, ez da batere harrigarria osasun mentalaren gainbehera gertatzea. Esaterako, gazteok dugun emantzipaziorako ezintasunaren aurrean, edo bizi-baldintzen okerragotzearen aurrean, diskurtso hegemonikoak erantzukizuna norbanako bakoitzean jartzen du. Horiek horrela, errua egungo sentimendurik hedatuena da. Aitzitik, depresio-tasaren hazkundeak, %86,6 hazi dena 2017tik aurrera, lotura zuzena du etorkizunik gabeko sentimendu orokortuarekin eta autolaguntzaren hedapenarekin. Lehenengoari dagokionez, krisi klimatikoak dakarzkigun zorigaiztokoak izan daitezke, adibidez, ezinegonaren iturri. Ordea, autolaguntzari dagokionez, esan beharra dago kapitalismoari mesede egiten dion pentsaera dela. Izan ere, une oro produktiboak izateko beharra sustatzen du, eta gertakari oro norbanakoaren esku dagoela defendatzen du. Hau da, “bizkarreko mina baduzu lanean zortzi orduz eserita egon eta gero, kirolik egiten ez duzulako da, edo bere garaian gehiegi ahalegindu ez zinelako lanpostu hobea izateko”.

Gazteok dugun emantzipaziorako ezintasunaren aurrean, edo bizi-baldintzen okerragotzearen aurrean, diskurtso hegemonikoak erantzukizuna norbanako bakoitzean jartzen du. Errua egungo sentimendurik hedatuena da

Era berean, ezin dugu ahaztu sare sozialek, influencerrek eta coachingaren garaiak egiten diguten kaltea. Jakin badakit badaudela eduki oso interesgarria eskaintzen dutenak, eta, horregatik, ezagutzaren demokratizazioa ahalbidetzen duten horiei eskerrak eman beharko genizkieke. Hala ere, horietako askok arazo ugari dakarzkigute. Batetik, etengabeko informazioaren abiadurak antsietate maila areagotzen du, horren adibide da Arreta Gabezia eta Hiperakibitate Nahasmenduaren (AGHN) diagnostikoen gorakada. Bigarrenik, produktu berrien (arropa, makillajea, bidaiak…) erakustaldia egiten duten bideo edo post-en ondorioz kontsumo-gizartea sustatzen da, hau da, jasangarritasun gutxiko jarrera bultzatzen da eta desberdintasun sozialak areagotzen dira. Hirugarrenik, azpimarratu behar ditugu kanon argal eta gihartsuekin bat etortzeko hain ohikoak diren mezuak; izan ere, gure autoestimua murrizteaz gain, oso zaila da horietan sartzea, eta areagotzen dute elikadura-jokabidearen nahasmenduen diagnostikoen tasa.

Ondoez horren guztiaren aurrean, gizarte kapitalistak argi du irtenbidea: farmakrazia. Alegia, ondoezaren jatorria norbanakoan jartzen denez, norbanako bakoitza farmakoen bidez “sendatzeko” hautua egiten da. Beraz, sufrimendu orokortuaren aurrean, lehen aipatutako adibideek sorburu soziopolitikoa duela aditzera ematen badute ere, indibidualki tratatzea erabakitzen da. Ondorioz, ondoeza arindu besterik ez da egiten, puzgarri baten zuloak partxeekin tapatu egiten diren bezalaxe.

Horren guztiaren aurrean, bada garaia ondoeza politizatzeko eta hura kolektiboki kudeatzeko. Erro sozialak dituzten gaitzak sozialki konpon daitezke soilik. Beraz, sufrimendua pilulekin isilarazten saiatu beharrean, hura testuinguru arriskutsu eta kaltegarri baten adierazle gisa hartu beharko genuke. Hau da, ondoeza “gaizki daudenak” seinalatzeko dugun baliabidea dela ulertuz gero, mundua eraldatzeko gakoa uste baino gertuago egongo da. Eta zu, ondo al zaude?

Olaia Salazar Urrutia, Filosofia ikaslea

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude