argia.eus
INPRIMATU
Ondo Egina [Kritika]
  • Fitxa: Händel-en Mesia, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa. Zuzendariak: Philip Pickett (Andra Mari Abesbatza), Jose Manuel Tife (Bleibet Abesbatza), Jorge Sebal (Claustrum Armonicum Abesbatza), Xabier Sarasua (Udaberria Gazte Abesbatza), Nagore Alangua (Samaniego Abesbatza) eta Arturo Goikoetxea. Bakarlariak: Malin Christensson (sopranoa), Catherine Hopper (kontraltoa), Ed Lyon (tenorra), Roderick Williams (baxua). Lekua: Gasteizko Principal Antzokia. Data: Abenduaren 15a.

2011ko abenduaren 19a
Malin Christensson sopranoa.

Händel-en Mesia gabonetako derrigorrezko titulua da. Urtero entzun dezakegu lan eder honen bertsio bat garai honetan, hobea edo txarragoa. Horrexegatik garrantzitsua da zerbait eranstea betiko interpretazioari, interes berezia piztu nahi bada.

Aldi honetan, pizgarri interesgarri bat zuen Mesia honek. La Caixaren fundazioak antolatutako “Kontzertu parte-hartzaileak” izeneko zikloan kokatu zen emanaldi hau eta parte-hartze sendo eta ilusionatuta izan zuen: Errenteriako Andra Mari Abesbatzaren aktuaziotik aparte, Arabako beste lau abesbatza izan ziren protagonista. Horrez gain, lau talde hauek publikoaren artean kokatu ziren, eta, horrela, jendearen integrazioaren sentsazioa oso erreala izan zen, nahiz eta benetakoa ez izan.

Bestalde, bertute musikalak izan zituen emanaldiak. Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Philip Picketten zuendariaren batutapean, fin eta batez ere doitasun erritmikoz aritu zen. Pickett britaniarrak oso keinu adierazkorra erakutsi zuen, eta bai orkestrako kideek, bai koru guztien partaideek zintzotasunez jarraitu zituzten haren aginduak.

Andra Mari Abesbatzak ondo menderatzen duela obra frogatu zuen. Doi eta zehatza izan zen bere aktuazioa. Bleibet, Claustrum Armonicum, Udaberria eta Samaniego Abesbatzak, berriz, txukun eta oso afinatuak ibili ziren uneoro.

Bakarlari onak ere izan genituen. Malin Christensson soprano suediarrak tinbre polita azaldu zuen. Catherine Hopper kontraltoa espresiboki aritu zen, Roderick Williams baxuak kalitatezko ahotsa erakutsi zuen, eta Ed Lyon tenorrak adorez eta bizitasunez egin zuen bere papera. Gasteizko publikoak biziki txalotu zuen amaieran. Propina gisa, Aleluia zati famatua interpretatu zuten berriro.