argia.eus
INPRIMATU
“Ondo” dago Berlingo atentatuan kamioiak harrapatutako Iñaki Ellakuria bilbotarra
  • Krankenhauseko ospitalean astelehen goizean ebakuntza egin zioten Bilboko gazteari. Berlingo gabonetako merkatuan kamioiak harrapatu zuen lagunetako bat izan zen Iñaki. "Zainetatik sartu dizkidaten drogei esker ondo nago", zioen. Berlineko eta Ankarako atentatuak gaitzesteko elkarretaratze isila egin dute eguerdian Udaletxeko eskaileretan.

Uriola.eus @uriolaeus 2016ko abenduaren 22a

Hanka bateko tibia eta peronea hautsita ditu Iñaki Ellakuriak eta beste hankako orkatila eta baita aldaka ere. "Inoiz jasandako minik handiena" sufritu zuen astelehen gauean Berlineko gabonetako merkatuko atentatuan kamioiak harrapatu zuenean. "Lehen kasetaren aurka jotzean entzun nuen kamioia", azaldu du Eramus bekadun gazteak bere Twitterreko kontuan (@hinak_nako). "Biratzean, aurrez aurre nuen. Oso azkar zihoan". Iñakiren esanetan, kamioiak "kaseta guztiak eta pertsona guztiak jo ditu". 

Min handia izan du Iñakik, "jasanezina", harik eta Krankenhauseko ospitalean artatu zuten arte. Orain, "drogei esker", "ondo" dagoela adierazi du. 

EHUko ikaslea da Iñaki, Sarrikoko fakultatean. Erasmus bekarekin praktikak egiten ari da Alemanian. Atentatuaren unean bi lagunekin zegoen, hauek ere euskaldunak, Berlingo gabonetako azokan.

Elkarretaratzea

Berlingo eta Ankarako "atentatuak gaitzesteko" eta "biktimen senide eta lagunekiko elkartasuna adierazteko", Bilboko Udalak gonbita luzatu die herritarrei eguerdian Udaletxeko kanpoko eskalinatan burutu den bost minutuko elkarretaratze isilean parte har dezaten. Juan Mari Aburto alkatea izan du buru ekimenak, Udal Korporazioko gainerako kideak aldean zituela. Atentatuan zauritutako pertsonei "lehenbailehen sendatzea" desio die alkateak.

Albiste hau Uriolak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra