argia.eus
INPRIMATU
Ondarroan asteburuan lanean hil zen 35 urteko behargina egun batzuetara aurkitu dute
  • Asteburu honetan Ondarroako Itxasaurre kaleko eraikin bateko fatxada birgaitzeko lanetan langile bat hil da. Zero Plus Nzeb Berrikuntzak enpresako 35 urteko langilea hilik aurkitu zuten maiatzaren 2an etxebizitzetako batean. Maiatzaren 5ean, aldiz, Hernanin garraiolari bat hil da kamioi batek harrapatuta, Zikuñaga paper lantegiaren atzealdean.

ARGIA @argia 2022ko maiatzaren 03a

ELA sindikatuak adierazi du susmoa duela heriotza larunbatean gertatu zela, bere lankideei esan baitzien asteburuan obran lan egingo zuela. Ikerketaren ondorioen zain daude, baina zantzuen arabera leiho bateko markoak erradialarekin moztean ebaki bat izan zuen eta heriotza eragin zion. 5 hilabete zeramatzan enpresan, Aragoikoa (Espainia) zen eta 35 urte zituen.

ELAk adierazi duenez, "laneko prekarietatearen beste adibide tamalgarri bat da" heriotza hau: "Eraikuntzaren sektorea da laneko prekarietateak eta, ondorioz, ezbehar tasak gehien kolpatzen dutenetako bat. Kasu honetan, langilea makina arriskutsuekin ebaketa lanak egiten ari zen asteburuan, eta etxebizitzan bakarrik. Enpresan 5 hilabete baino ez zeramatzan, laguntza teknikorik eta giza laguntzarik gabe; hil eta egun batzuetara aurkitu dute".

ELAk neurriak eskatu ditu

Horrela adierazi du sindikatuak: "Erakundeek lehentasunezko leku batean jarri behar dute gai hori, eta prebentzioari buruzko araudia betetzeko eskatu behar diete enpresei. Beharrezko giza baliabideak, prestakuntza eta baliabide materialak jarri behar dira, kontrol eta ikuskapen gehiago eta hobeak egin behar dira".

Elkarretaratzea maiatzaren 5ean

Ostegun honetan sindikatuek elkarrekin salatuko dute lan istripu hau. Itsas Aurreko enparantzan goizeko 12:00etan egin dute deialdia, "laneko ezbehar-tasa salatzeko eta eraikuntzaren sektorean prebentzio-neurririk ez dagoela salatzeko".