argia.eus
INPRIMATU
Ondarroako Marabilli festibalak bosgarren edizioa ospatuko du urriaren 3tik 6ra
  • Bosgarren ediziora iritsiko da aurten Ondarroako Marabilli festibala. Aitzol Aramaiko zine zuzendariaren omenez antolatzen hasi ziren jaialdia bi urtean behin egiten da, musika, literatura, zinema eta antzerkia uztartzen dituena.

ARGIA @argia 2019ko irailaren 13a

"Marabilli ez da soilik entretenitzeko jaio zen jaialdi bat. Ez, inola ere ez. Marabillik puskatu nahi du sortzaile eta hartzaileen arteko muga, Marabillin denok gara sortzaile eta hartzaile aldi berean. Marabillik sustatu nahi du parte hartzea eta desberdinen arteko elkarrizketa, nahi du eragin gizartearen eta artearen ikuspegi kritikoa zabaltzen gazte eta ez hain gazteen artean", adierazi dute antolatzaileek aurtengo edizioaren berri emateko prentsari bidali dioten oharrean.

Aurreratu dutenez, aurten emakumeek, euskarak eta nazioarteko ahotsek izango dute protagonismoa Ondarroan: "Musikari dagokionez, punta puntako taldeak espero ditugu, hangoak eta hemengoak, The Baboon Show, Liher, De Pedro, Keu Agirretxea eta Pablo Novoa, Jotakie edo 90eko hamarkadan euskarara hain soinu berritzaileak ekarri zituzten Hazurbaltzak ondarrutarrak batzuk aipatzearren. Literaturan Manuel Vilas Aragoiko idazle entzutetsua eta Leire Bilbao izango ditugu eta antzerkian Lekittoko Deabruen sua eta Zer duzu Amy? lan zirraragarria. Baina Marabillik zineman du bihotza eta horregatik puntako euskal zinema izango dugu ikusgai, Asier Altuna eta Telmo Esnalen Agur Etxebeste!, Koldo Almandozen Oreina, Esnalen Dantza eta Oier Arantzabalen Margolaria. David Truebak masterclass-a emango du eta bere sekuentzia kutunak azalduko ditu jendaurrean".

Jaialdiaren egitarau osoa Marabilli.re webgunean ikus daiteke.