argia.eus
INPRIMATU
Ondarroako herri harresiko identifikatuei lehen isunak
  • 200€-ko isunak iristen hasi zaizkie Ondarroako Aske Gunean identifikatutako kideei. Erlantz Alkorta, Urtza Alkortaren neba, da isuna jasotako bat, eta ARGIAk berarekin hitz egin du.

Itsaso Zubiria Etxeberria 2013ko uztailaren 05
Ertzaintza Ondarroako Aske Gunean sartu zenekoa.

Lehengo astean jaso zenuen isuna. Nolakoa da?

200€-koa da isuna, eta epe jakin batean ordaindu ezean 300€-ra arte igo daitekeela  jartzen du. Diotenez, bost aldiz esan zidaten identifikatzeko, eta horri uko egiteagatik identifikatu nindutela jartzen du.

Zer asmo daukazu isunaren aurrean?

Isuna iritsi aurretik, identifikatutako guztiak elkartu eta zerbait egitekotan egon gara, multa handiagoa espero baikenuen. Baina zigorra zenbatekoa den ikusita, ordaintzekotan geratu gara.

Besteren bati iritsi zaio?

Beste biri iritsi zaiela badakit, baina identifikatutako guztiak ez ginen ondarrutarrak, eta ez dakit gehiago ailegatuko ziren.

Zergatik uste duzu identifikatu zintuztela?

Batzuk diote identifikatu nindutela Urtza presionatzeko. Nik ez nuen sentsazio hori izan. Furgonetara eraman eta nor nintzen irakurri zutenean sorpresa jaso zuten.

Zer esan zizuten momentu hartan?

“Sanción administrativa” delakoa jasoko nuela esan zidaten. Nik ertzainari galdetu nion ea zer egin behar nuen paper harekin, eta erantzun zidan, nahi banuen sutara botatzeko.

Nola bizi izan zenuen momentu hura?

Han zegoen tentsioarekin ez nintzen asko enteratu. Baina han zegoen jende guztiak bezala; ertzaina gerturatu ala, tentsioak gora egiten zuen. Aldamenera heldu zirenean klik, interruptoreari eman eta off-ean jarrita nengoen. Kolpeak eta sentitu nituen, baina pasatakoan jabetu nintzen hobeto.

Zer uste duzu lortu nahi dutela horrelako multekin?

Ideiarik ez. Multa handiak izan balira, pentsatuko nuke moztu egin nahi dutela mugimendua, baina horrelako multekin ez dakit.