argia.eus
INPRIMATU
Ondarroako sexu erasoa salatzeko mobilizazio jendetsua egin da
  • Ondarroako emakume batek salatutako sexu erasoaren aurrean herriko Udal Berdintasun Kontseiluak eta Udalak mobilizatzeko deia egin dute.

Nahia Ibarzabal @NahiaIbarzabal 2018ko ekainaren 27a
Ondarroan egindako mobilizazioa (Argazkia: Lea Artibai eta Mutrikuko Hitza)

‘Emakumeen kontrako indarkeria gehiagorik ez’ dioen pankartaren atzean, jende asko bildu da asteartean. Herritar batzuk ‘Nik sinisten dotzut/ Guk sinisten dotsuau’ bezalako kartelak ere eraman dituzte Lea Artibai eta Mutrikuko Hitzak argitaratu duenez.

Udalak esan du eskura dituen baliabide guztiak martxan jarri dituela: aholkularitza juridikoa, laguntza psikologikoa eta gizarte zerbitzuen laguntza. Azaldu duenez, “bigarren biktimizazioa ekidite aldera, beharrezkoak diren bestelako balibideak eskura jartzeko konpromisoa hartzen du Udalak; kontuan hartu behar baita horrelako egoeretan baliabideak murritzak direla, biktima ahulezia egoeran baitago”.

Salaketa ekainaren 13an jarri zuen

Ekainaren 13an jarri zuen salaketa emakumeak eta Ertzaintzak abian jarritako ikerketaren ondorioz, gizon bat inputatu eta epailearen aurretik pasatu ondoren libre geratu zen.