argia.eus
INPRIMATU
Ondarretako kartzelako presoen oroimenez monolito bat jarri du Donostiako Udalak
  • Donostiako Udalak, Ondarretako presoak oroitzeko monolito bat jarri du. Frankismo garaian fusilatu eta abusatutako pertsonen omenez jarri dute. Juan Karlos Izagirre alkatearen esanetan monolitoa kartzela horretan egon ziren “gizon, emakume eta umeei aitortu behar zaienaren zati txiki bat besterik ez da”.

Josu Urtubia @otxua 2012ko abenduaren 13a
Donostiako alkatea, Marcelo Usabiaga eta Pilar Garciandiarekin.

1890ean ireki zen presondegia eta mota guztietako presoak egon ziren barruan: komunak eta politikoak, emakumeak eta gizonak.

1931tik aurrera, preso politikoak izan ziren gehienbat. Donostiako alkateak haiek eduki ditu bereziki gogoan: “1936tik aurrera preso politiko asko izan ziren torturatuak, jipoituak eta fusilatuak, 1948an itxi eta Martutenera lekualdatu zituzten arte”.

Garai hartan "frankistek eginiko neurrigabekeriak eta krimenak" ezkutatu egin zirela ere esan zuen Izagirrek.

Udaleko alderdi guztietako ordezkariak izan ziren bertan (Bildu, PSE-EE, PP eta EAJ) baita presoen senitartekoak ere. Monolitoaren oinarria Aranzadi Elkarteak Ondarretako hondartzan aurkitutako presondegiko harriekin egina dago.

Pilar Garciandiarekin (93 urte) eta Marcelo Usabiagarekin (96 urte) batera egin zuen alkateak aurkezpena. Usabiagak eginiko adierazpenetan argi utzi zuen orain “pozik” bizi dela nahiz eta bere bizimodua ez den izan “ideala”. Askatasuna lortzeko “jende asko hil eta sakrifizio handiak egin behar izan direla” gaineratu zuen, eta kartzela hartako egoera “tragikoa” ekarri zuen gogora.

Bere hitzaldia "Viva la Republica" ("Gora Errepublika") batekin amaitu zuen eta bertaratutako guztiei “mundu hobea eraikitzeko” lan egitea eskatu zien.