argia.eus
INPRIMATU
ONCEko langileak kaleratze mehatxupean salmenta baxuengatik
  • ONCE elkarteko ehunka langile enpresaren mehatxu-gutunak jasotzen ari dira azken hilabeteetan. Gutunetan, ONCEk salmenten jaitsiera leporatzen die langileei, eta zigor espedienteak irekitzearekin mehatxatu dituzte asko. 

Garazi Zabaleta 2015eko ekainaren 10
ONCEk salmenten jaitsiera leporatzen die langileei (argazkia: huelvahoy.com)

Hainbat ordezkari sindikalek eta langilek saltzaileenganako presio handia salatu dute. Beraien esanetan, ONCEk kanpora begira saltzen duen irudiarekiko erabat aldentzen dira praktika hauek, eta instituzioaren “helburu sozialaren” aurka doa erabat.

ONCEko Langileen Estatutuko eta lan-hitzarmeneko kontzeptu batean oinarritzen da instituzioaren mehatxua. UGT eta CCOOek sinatutako hitzarmen horretan aipatzen den “errendimentuaren borondatezko jaitsiera ” da ONCEk langileak jazartzeko darabilen araua.

Sindikatuek salatu dutenez, ordea, ez da inongo momentutan frogatu mehatxatutako langileen errendimentua jaitsi egin denik –ordutegiak ez betetzeagatik edota bezeroak gaizki tratatzeagatik, adibidez–; espedienteak soilik salmenten jaitsieragatik ireki dira, beraien ustez.

Horrez gain, sindikatu eta langileen kritika haratago ere badoa: ONCEk bere langileekin irizpide gogorra daukan bitartean, bere produktuen salmenta zabaltzen ari da “helburu sozial” eta pertsona ezgaituen enpleguarekin zerikusirik ez duen toki askotara. 

"Saltzen ez baduzu zure kontratua zintzilik dago"

Argiak ONCEko langile batekin hitz egiteko aukera izan du. Mehatxurik jaso ez arren, aitortu du hainbat lankidek  enpresaren partetik “presioak” jasan dituztela salmentak jaitsi diren kasuetan: “Saltzen ez baduzu zure kontratua zintzilik dago”.

Bere hitzetan, ONCEn hasi berriek eramaten dituzte posturik txarrenak, eta postu horren arabera “asko alda daitezke lan baldintzak”. Denbora gehiago daramatenek kioskoan postu bat lortzeko aukera gehiago dituzte eta bertan salmentak hobeto joatea ere errazagoa da. “Kalean baldintzak askoz gogorragoak dira, baina egin beharreko zerbait da, hortik pasa behar da”.

Bestalde, zenbat eta gehiago saldu, soldatak ere gora egiten duela adierazi digu, eta modu horretan beti dagoela “presio” moduko bat.

ONCEko langile batzuk “beraien partetik dena jartzen” ez dutela onartuta ere, bere ustez salmentek ez dute behera egin langileen erruagatik, “merkatuen eraginez” baizik. Ezin zaie, beraz, haiei egotzi errua.