Amaiur koalizioak Espainiako Diputatuen Kongresura eraman du Ander Astigarraga oñatiarraren atxiloketaren auzia. Kongresuari galdera zehatzak egin dizkio eta idatzizko erantzunak eskatu dizkio.
Halaxe jakinarazi du Maite Aristegi Amaiurreko diputatuak larunbat arratsaldean Oñatiko kaleetan egindako manifestazioan. Azken aldian, zenbait oñatiarrek "jasandako polizia jazarpena eta erasoa" salatu gura izan dutela gaineratu du manifestazioa deitu duen talde oñatiarrak.
Amaiur koalizioak gaia Espainiako Diputatuen Kongresura eramango duela jakinarazi du: "Amaiurrek jakin nahi du zergatik Guardia Zibilak prakak kentzeko agindua eman zion gazteari; zergatik lurrera bota ondoren bere aurpegia lokatzetan igurtzi zuten eta zergatik atxilotu ostean lurretik arrastaka eraman zuten hainbat puntutako zauria egin arte. Espainiako indar armatuek Euskal Herritik noiz egingo duten alde jakin nahi dugu. Gogora dezagun, hau ez dela gertaera isolatu bat. Iaz, Josu Lizarralde oñatiar gaztea identifikatu eta basora eraman zuen Guardia Zibilak. Lizarraldek legez kanpoko galdeketa eta tratu iraingarria jasan zuen bertan".
Gizartea "tenkatzea" helburu, Amaiurren ustez
"Euskal gizartea itotzea eta kontrolatzea da errepide kontrolen helburua eta bide batez, gizartea tenkatzea", adierazi du Jon Iñarritu diputatuak Amaiurrek kaleratutako prentsa oharrean.
"Euskal Herritik alde egiteko ordua du Guardia Zibilak, Espainiako poliziak eta armadak", gaineratu du Maite Aristegi diputatuak. Aristegik gogoratu duenez, 2012an Hego Euskal Herrian 7.753 Guardia Zibil, polizia eta militar zeudela onartu zuen Espainiako gobernuak. Legealdi honetan, errepide kontrolei buruzko hogeitik gora galdera egin dituela Amaiurrek eta hainbat txosten eskatu dituela azaldu du Aristegik.
"Legearen babespean, nahi dutena egiten dute. Jendea beldurtzeko kontrolak dira, izugarria dela iruditzen zaigu. ETAk orain dela 4 urte utzi zuen borroka armatua eta orain zertara dator hau? Herritarrak kokoteraino daude", bere ustez.
Manifestazio jendetsua
Askotariko kolore eta adineko herritarrek salatu dute larunbat arratsaldean Ander Astigarraga gaztearen atxiloketa "bortitza". "Utzi bakean oñatiarrak, jazarpen polizialik ez! Fan Hemendik" lelopean egindako manifestazioa lasaia izan den arren, Guardia Zibilaren etxe aurretik igarotzean bizi izan dira une hunkigarrienak eta tentsio momentu altuenak.
Txistuak eta oihuak entzun ahal izan dira koartel aurrean. Baina ez da liskarrik izan eta manifestazioa baketsua izan da. "Jende asko batu gara, zaharrak, gazteak... ez da sektore baten arazoa, gizarte osoarena da eta jendea batzea garrantzitsua da", azpimarratu du manifestazioa deitu duen talde oñatiarrak. Fan Hemendik eguna ospatuko dute ekainaren 13an eta helburua ahalik eta jende gehien batzea dela nabarmendu dute antolatzaileek.
[Albiste honen jatorrizko bertsioa Goienan argitaratu du Maider Arregik eta webgune horren CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra]