argia.eus
INPRIMATU
Oñatin Guardia Zibila “giro itogarria” sortzen ari dela salatu dute
  • Guardia Zibilak Ander Astigarraga gazte oñatiarra bortizki atxilotu ondoren, herri horretan poliziak hartu duen presentziak kezka eragin du herritarren artean.

ARGIA @argia 2015eko apirilaren 20a
Manifestazio jendetsuarekin salatu zuten Astigarragaren atxiloketa eta Guardia Zibilaren presentzia Oñatin duela bi aste (argazkia: Goiena).

Apirilaren 3an Aloña azpiko pagadian atxilotu zuten Astigarraga. Basoan zebilela Guardia Zibilaren autoa ikusi eta ezkutatu egin zen. Ordubete ezkutuan egon ostean, ikusi egin zuten, gelditzeko dei egin eta lurrera bota. Aurpegia lokatzaren kontra jarrita eduki zuten. Ondoren, katxeatzen hasi ziren eta prakak jaisteko eskatu zioten. Guardia Zibil bat eskularruak janzten hasi zen.

Gazteak ez zeukala prakak jaisteko asmorik esan zien eta bortizkeriaz lurrera bota zuten. Eskuburdinak jarri eta kolpeak emanez erdi arrastaka eraman zuten. Ondorioz, hanka bat zauritu du gazteak eta puntuak jarri behar izan dizkiote.

Autoan sartu zuten ondoren, eskuburdinak kenduta, eta Donostiara eraman zuten. Lehendabizi ospitalera joan ziren eta zauria sendatu zioten, ondoren Intxaurrondoko kuartelera eraman zuten eta goizaldeko ordu biak aldera aske utzi. Gaztea epaiketaren zain dago desobedientzia eta aginteari men ez egitea leporatuta

Atxiloketaren aurrekariak

Atxiloketa hori ez da gertakari isolatua ordea. Duela hilabete eta erdi hasi zen Oñatiko giroa gaiztotzen, martxoaren 10ean Espainiako Auzitegi Gorenak erabaki zuenean Alberto Plazaola eta Santiago Arrospide euskal preso ohiei Frantziako Estatuko espetxeetan egindako urteak Espainiako Justiziak ezarritako zigorretatik ez kentzea.

Egun berean, manifestazioa egin zuten Oñatin Plazaolaren espetxeratzearen kontra eta bere etxean amaitu zuten ibilbidea. Gauean preso ohia atxilotzeko asmoz haren etxera joan ziren Guardia Zibilak, baina han ez zegoela baieztatu ostean, alde egin zuten.

23:00etan azaldu ziren poliziak zortzi ibilgailutan, eta ordu erdi inguru eman zuten Plazaolaren etxean eta inguruetan. Kalean hainbat lagun elkartu ziren preso oñatiarrari babesa adierazteko.

Identifikazioaren bideoa

Bertaratutako hainbat lagun identifikatu zituen poliziak eta, berriki atxilotutako Astigarraga bi aldiz geratu zuten gau horretan.

Ondorengo bideoan gazteak Plazaolaren etxe ostean jasandako kontrola ikus daiteke. Guardia Zibilak gogor hitz egiten dio identifikazioan zehar eta kamera grabatzen ari dela ohartzean hasten da prozedura ofiziala egiten.

 

 

Errepide kontrolez kexu dira herritarrak

Oñatin herritar ugari kexu dira eguneroko errepide-kontrolez. Jazarpenaren aurka, Astigarragaren atxiloketa salatzeko manifestazioaz gain, ekainaren 13an, “Fan Hemendik!” eguna ospatuko dute urtero legez.

Iaz flashmob-a dantzatu zuten Egurra ta Kittokoen erritmoan, eta aurten, kuartela inguratuko duen giza katea osatzeko asmoa dute.