argia.eus
INPRIMATU
Oñatiko Udalaren Ingurumen beka deialdia zabalik da, herrian utzita dauden nekazari lurren erabilera sustatzeko
  • Duela lau urte sortu zuen Oñatiko Udalak ingurumen beka. Oñati inguruko anfibioen eta narrastien azterketa egin zuten lehen deialdi hartan, herriko ekosistema ezberdinetan zein egoeratan zeuden ikertzeko. Duela bi urte, energia berriztagarrien inguruko lanari eskaini zioten beka, Goienerrekin elkarlanean. Aurtengoan, berriz, bizi-bizi dagoen beste gai bati eskaini diote: nekazaritzaren zein abeltzaintzaren izaera multifuntzionalari eusteko helburuarekin, udalerrian utzita dauden nekazaritza-lurren azterketa egin eta egoera horri buelta emateko ekintzak bilatuko dituzte.

Garazi Zabaleta 2020ko uztailaren 16a
Argazkia: Joxe Ramon Txintxurreta.

“Oñatin baserri asko dago eta landa eremua oso zabala da, baina azken urteetan okerrerako bilakaera ikusten ari gara, eta landa lurren erabilera gutxitu den heinean ekosistemak ere degradatzen joan dira”, azaldu digu Axier Iraeta Oñatiko Ingurumen zinegotziak. Baserriko jarduera estentsiboak herriari eta ingurumenari dakarzkion onurez jakitun, Udalaren lurrekin eta azken urteetan erabilerarik ez duten pribatuenekin zer egin daitekeen aztertu nahi dute, aurrera begira ekintza praktiko zehatzak proposatzeko.

Gai honen inguruan aurretik ikerketa lan dezente eginak daudenez, azterketa teoriko txiki bat baino ez du egin beharko beka jasotzen duen pertsonak. Ondoren egingo den ekintza praktikoen planteamenduari eskaini nahi diote beka, bereziki. “Asmoa da aztertzea zergatik diren positiboak baserri eredu jasangarri eta ez intentsibo horren eraginak landa eremuan, eta hori oinarri hartuta, planteatzea ea herrian galtzen ari den jarduera hori berreskuratzeko edo eusteko zein egitasmo jar daitezkeen martxan”. Egungo beharretara egokituko diren planteamendu eta aukera berriak nahi dituzte, lurren lehengo erabilerak zekartzan onurak gaurko bizimodu berriekin uztartuz.

12.000 euroko beka, bi urtetarako

Oñatiko edo inguruko jendeari zuzendu diete aurtengo ingurumen beka, aukeratu duten gaia dela-eta herriarekin eta bertako eragile eta baserritarrekin harremana izatea garrantzitsua delako.

Bekaren onuraduna pertsona bakarra edo lantalde bat izan daiteke, eta diplomatuak edo goi-mailako tituludunak izatea eskatzen da (taldeen kasuan, gutxienez erdiek bete beharko dute baldintza hori). Abuztuaren lehenean bukatuko da eskabideak aurkezteko epea.