argia.eus
INPRIMATU
Oñatiko Udalak herriko bost gaztek jasandako erasoaz azalpenak eskatuko dizkio Ertzaintzari
  • Ostiral goizean argitaraturiko prentsa-oharrean jakinarazi dutenez, datorren astean Bergarako ertzainen egoitzako arduradunekin bilduko dira Oñatiko Udaleko ordezkariak.

Iñigo Igartua @igartua19 2019ko ekainaren 21
Ertzainen jipoia jaso zuen gazte baten gorputzeko kolpeen markak.

Ekainaren 15eko gauean kalez eta uniformez jantzitako ertzainen erasoak salatu zituzten Oñatiko bost gaztek. Oñatiko Udala dokumentaturik gabe dagoen gertakari honen inguruko argibideak jaso nahian aritu da aste osoan.

Gazteei gertatutakoaren inguruko azalpenak "prestutasun eta xehetasun osoz" jaso dituztela aipatu dute oharrean. Hala ere, Ertzaintzaren bertsioa jakitea orain arte ezinezkoa izan zaiela ere jakinarazi dute, ·taberna batean izandako liskarra besterik ez dutela aktan jasota" adierazi baitute.

Honenbestez, gertakaria argitzeko nahiarekin bilduko dira udaleko ordezkariak Bergarako ertzain etxeko buruekin. Alde bietako testigantzak batu ondoren erabakiko du Oñatiko Udalak beste urratsik eman beharko duen edo ez.

Oñatiko Udalaren prentsa oharra: