argia.eus
INPRIMATU
Oñatiko Autlán EMD enpresa auzitegira eraman dute, langileek azido sulfuriko maila altuak jasan dituztelako
  • ELA sindikatuak jakitera eman duenez, berak sortutako Bidelagun fundazioak salaketa jarri du Oñatiko Autlán EMD (lehengo CEGASA) enpresaren aurka, "bere langileak behartu dituelako azido sulfurikoaren hodei azidoen eta manganeso hautsaren esposizio maila onartezinetan lan egitera. Irailaren 26an egin da epaiketa eta epaiaren zain daude.

ARGIA @argia 2022ko irailaren 27a
Argazkia: Goiena.

Irailaren 26an egin da epaiketa Eibarko Lan Arloko 1 zenbakiko Epaitegian. Auziaren barruan, langileetako bati asma lanbide gaixotasun gisa onartu zaio eta ondorioz, enpresari eskatu dio lan harremana etetea, kaleratzea ordaintzea eta kalte ordain gehigarria.

Azido sulfurikoaren lainoekiko esposizioa ingurumen muga-balioa baino 62 aldiz handiagoa

ELA sindikatuak epaiketari buruz egin duen kontakizunaren arabera, "enpresa arazoa minimizatzera mugatu da, nahiz eta neurketa higienikoen emaitzak argiak izan: azido sulfurikoaren lainoekiko esposizioa eskatutako ingurumen muga-balioa baino 62 aldiz handiagoa da. Ildo beretik, 2017 eta 2021 artean egindako 32 neurketetatik 22 alditan gainditu da esposizioaren muga balioa".

ELAk gogorarazi du "Lan Ikuskaritzaren eta Osalanen ebazpen ugari daudela, batez ere 2018tik gaur arte, arazo horretaz ohartarazteko eta enpresari esku hartu dezan eskatzeko. Orain arte, ordea, ez du neurririk hartu langileen osasuna babesteko".

Mexikoko mehatze konpainiak erosia eta Europako bigarrena manganeso dioxido gehien ekoizten

2020ko otsailan erosi zuen Mexikoko mehatze konpainia den Autlán-ek Oñatin egoitza zuen Cegasa (Noticias-en albiste honetan xehetasunak), 26,35 milioi euroan erosi ere. Oñatiko lantegia Europan manganeso dioxido elektrolitiko gehien ekoizten duen bigarrena da eta elementu hau ezinbestekoa da bateria alkalinak egiteko. Autlánek erositakoa konpainiaren erdia da, beste %50 Iberdrolaren jabetza baita.