Duela 120 urtetik Oñatik energia produzitu, kudeatu eta zabaltzen du. 2000. urtetik Oñargi S.L. erakunde publikoak du Olate, Lamiategi, Tokillo, Arantzazu, Saratxo eta Zapatako ur-jauziek ekoizten duten energia banatzeko eskumena eta Goienerrek Oñatiko Ur Jauziak enpresaren akzioen %10a erosi zuen pasa den uztailean.
Energia berriztagarrien ekoizpen eta kontsumoan lanean diharduen Goiener kooperatibak Oñatiko Ur Jauziak enpresaren akzioen %10a erosi zuen uztailean, 445.000 euroko kapital-zabalkuntzarekin.
Mikel Biain Oñatiko alkateak Info7 irratian egindako elkarrizketan adierazi du, berri “pozgarria” dela sektorean sor daitezkeen “aukera berriak baliatu”, eta elkarteak automatizazio eta instalakuntzak hobetzeko egin beharreko inbertsioen “finantzaketan ekarpenak” egiteko.
Mende bat baino gehiago energia ekoizten
Gaur egun ia guztiz pribatizaturik eta monopolizaturik dagoen energiaren sektorean, 15 milioi kilobatio sortzen dute Oñatiko ur jauziek urtean, herriko etxebizitza guztiak energiaz hornitzeko bezain beste.
Biainek adierazi du, langile eta bulego propioekin baliaturik herritarrei “gertuko” zerbitzua eskaintzen diela Oñargik eta etekinak dituen enpresa izanik, Udalaren aurrekontua finantziatzen ere laguntzen duela.
Energetikoki guztiz burujabea dela esatea “askotxo” dela aipatu duen arren, herriko etxebizitza “guztiak” hornitzeko beste energia ekoizten dela azpimarratu du Biainek.
Herriko energia banaketa sarea publifikatzea “oso zaila” dela deritzon arren, beste udalerri batzuekin elkarlanean aritu eta beraien esperientziatik “laguntzeko prest” azaldu da alkatea.