argia.eus
INPRIMATU
Onartu dute ‘Tapia Legea’ eta aurrerantzean udalek ezingo dituzte gelditu Jaurlaritzaren proiektuak
  • "Goi-mailako interes publikoko" proiektuen inguruko erabakimena udalei kendu eta Jaurlaritzari ematen die Arantxa Tapiaren sailak aurkeztu duen Ingurumen Administrazioaren Legeak. Jaurlaritzak erabakiko du proiektu bati izendapen hori ematea ala ez. Udalerriek ezin izango dituzte beren hirigintza planen aurka doazen egitasmoak geldiarazi. Azken hilabetetan hainbat udalerrik bota dituzte atzera Jaurlaritzaren proiektuak.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2021eko abenduaren 09a
Arantxa Tapiaren saila da legearen sustatzailea. Argazkia: Eitb

Ez da ezustekorik izan Gasteizko Legebiltzarreko osteguneko osoko bilkuran. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak Ingurumen Administrazioaren Legea defendatu du. Berdin egin dute EAJ eta PSEko taldeen ordezkariek ere, eta aurka azaldu dira oposizioko talde guztiak. Bozka emateko orduan, EAJ-PSEk bere gehiengo absolutua baliatu du legea onartzeko. EH Bildu, Elkarrekin, PP eta Voxek aurka bozkatuko dute.

Joko-arauen aldaketa

Ingurumen Administrazioaren Legea onartzeak Lurralde Antolamenduaren Legearen 3. artikulua moldatzea dakar, eta hura da arreta puntu nagusia. Jaurlaritzak figura berria sortu du, “goi-mailako interes publikoko” proiektuena. Jaurlaritzak erabakiko du proiektu bati izendapen hori ematea eta, emanez gero, hura onartu edo debekatzeko eskumena udalerriei kendu eta Jaurlaritzari eman diote EAJ-PSEk. Joko-arauak irauli dituzte: 1990etik, edozein proiektuk udalerrien baimena behar zuen eta beren hirigintza planetara egokitu behar zuen; onartutako moldaketarekin, udalerriak izango dira beren araudia Jaurlaritzak erabakitako proiektuetara moldatu beharko dituztenak. Iragan ostegunean mozioa aurkeztu zuen EH Bilduk, udalerrien iritzia jasotzeko prozesu bat egin bitartean legea ez tramitatzeko eskatuz. Mikel Otero legebiltzarkideak salatu zuen azken 30 urteko botere banaketa “lehertu” nahi dutela EAJk eta PSEk.

Udaletan galdutakoa Jaurlaritzan irabazi

2020ko abenduan Gasteizko Armentia-2 putzuan gasa dagoen ikertzeko baimena ukatu zion Jaurlaritzari Gasteizko Udalak, edo, Zaldibarko hondakindegiaren krisiaren ostean, zabortegi berriak beren lurretan irekitzeko asmoak gelditu dituzte Lezama eta Azkoitiko udalek, besteak beste. Arantxa Tapiak legebiltzarrean iragan agerraldi batean onartu zuenez, bultzatzen duen aldaketak lotura du horren moduko gertaerekin. “Nimby efektua” (“Not in my backyard”, “Nire etxe ondoan ez”) saihestu beharra defendatu du, beharrezkoak omen diren baina inork ondoan nahi ez dituen proiektuei aipamena eginaz.

Abiadura handiko legea

Jaurlaritzak eztabaida gutxien ahalbidetzen duen bidetik sustatu du hain sakoneko eraldaketa. Lege proiektu bat aurkeztu ordez, adibidez, emendakin forma eman dio lege aldaketari. Ingurumen Administrazioaren Legeari 100 emendakin baino gehiago egin zizkion Jaurlaritzak ekainean, eta 61.ak jasotzen du aipatu proposamena, Lurralde Antolamendu Legearen 3. artikulua aldatzeko eskatzen duena. Bide azkarrena da emendakinena, eta horrez gain, oposizioak salatu du Jaurlaritzak legebiltzarraren araudia “bihurritu” duela prozesua are gehiago azkartzeko, besteak beste udaletxeetan pizten ari zen ezinegonaren aurrean.

Eudel, mutu

Euskadiko Toki Erakundeei Buruzko Legearen arabera, 2016koa, lege batek udalerrien eskumenei eragiteko arriskua badu Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak batzorde bat osatu eta txostena egingo du hura aztertzeko. Ordea, Ingurumen Administrazioaren Legea lege-proiektu fasean zegoenean jaso zuen Eudelek: orduan ez zegoen 61. emendakina aurkeztua, eta udalen elkarteak ez zuen beren eskumenen aurkako edukirik ikusi. EH Bilduko hainbat alkatek asteartean salatu zuten lege aldaketa. “Udalen eskumenak ezbaian jarriko badira ere, udalei ez zaigu hitzik eman. Ez dute gardentasunez jardun: gure sistema instituzional konplexuaren eskumen-banaketa aldatu nahi dutelako, toki-erakundeei galdetu ere egin gabe”. Irailean egin bezala Eudelen exekutibari eskatu zioten lege aldaketaren inguruko txosten bat egitea. EAJk eta PSEk gehiengoa dute Eudeleko exekutiban, Gasteizko alkate den Gorka Urtaran jeltzaleak zuzentzen duen erakundeak ez du txostena osatzeko asmorik agertu.

Ingurumena erdigunean

AHTaren eta parke eoliko eta fotovoltaiko erraldoien aurkako ekimen herritarrak batzen dituen Araba Bizirik Plataformak mobilizazioak egin ditu azken asteotan “Tapia Legea”-ren aurka. Lege berria onartzeak oro har demokraziari eta bereziki ingurumenaren aurkako proiektu erraldoiei eragingo liokeela salatu du: “EAJk urgentziaz jokatzen du hondakinen kudeaketan duen ezgaitasuna eta ezjakintasuna disimulatzeko. Eragile guztien arteko eztabaida eta parte-hartzea saihestuko duen irtenbide azkar bat bilatzen du”.