Koronabirusaren krisiak behartuta, itxi egin dituzte apustu etxeak, baina bada norbere etxetik jokatzen segitzeko modurik. Konfinamendu garaian on-line jokoetan zaleak ugaritzen ari direla-eta, joko horien publizitatea mugatzea erabaki du Espainiako Gobernuak.
Mota horretako webguneen iragarkiak ia %100ean debekatu dituzte Espainiako Estatuan, irrati, telebista eta interneten. Goizeko 1:00etatik 5:00etara baino ezingo da egin publizitatea, telebistan. Ludopatia arazo patologiko bilakatu daitekeela argudiatu du Alberto Garzón Kontsumo ministroak.
Neurri eraginkorra?
Egunean zehar iragarkiak debekatze hutsa neurri nahikoa eraginkorra izango ote den, zalantzak agertu dituzte menpekotasunekin lanean dabiltzanak. Horrez gain, adierazi dute neurriak ez lukeela bakarrik konfinamendu garaia iraun behar eta gero ere mantendu beharko litzatekeela publizitatearen debekua, webgune hauek sortzen dituzten arazo eta adikzioak kontuan harturik.