argia.eus
INPRIMATU
Omikron leherketa: pandemiaren amaiera urrunago edo gertuago?
  • Covid aldaera azkar zabaldu da mundu osoan Hegoafrikan azaroan atzeman zenetik, eta estuasunean jarri du beste behin herrialde gehienetako osasungintza, kasu honetan batez ere lehen arreta –Euskal Herrian 40.000 positibo zenbatu dira astebetean–. Aitzitik, hainbat adituren ustez talde-immunitate naturala lortzeko aukera zabaldu dezake eta pandemiaren amaiera erraztu.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2021eko abenduaren 28a

Hegoafrikan SARS-CoV-2 birusaren Omikron aldaera atzeman zenetik mundu osoan zabaldu da, oso azkar, bere kutsagarritasuna askoz handiagoa baita ikerketa askoren arabera. Hegoafrikan, Danimarkan, Ingalaterran, Frantziako Estatuan eta beste hainbat tokitan COVID kasu positiboen kopuruaren kurba erabat bertikalizatu da horren eraginez, baita Euskal Herrian ere.

Leherketa gertatu da eta egunotan milaka kasu zenbatu dira –40.000 positibo azkeneko astean, aurrekoaren bikoitza–, baina beste asko diagnostikatu gabe geratzen ari direla uste da, azken datuen arabera emaitza positiboen kopurua froga bakoitzeko %25ekoa baita, transmisioa kontrolatua izateko gomendatutakoa halako bost.

Omikron aldaerarekin gaixotasuna modu arinagoan pasatzen dela gero eta ebidentzia gehiago dago, baina bere kutsagarritasun maila handiak ospitaleak egun batzuen buruan berriz presiopean jarriko dituela ohartarazi dute epidemiologoek. Londreseko Queen Mary unibertsitateko Deepsti Gurdasanik dio nahikoa direla bi egun kopuru bera edukitzeko, eta estatistikoki gaixo larri gehiago egongo direla ingresatu beharrekoak –abenduaren 23an 80 pertsona ingresatu zituzten EAEn, maiatzetik kopuru handiena–. Baina batez ere osasungintzako lehen arretan eragingo duela azpimarratu dute, jadanik gertatzen ari den bezala.

Omikron leherketa irudikatzen duen grafiko bat: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako intzindentzia tasa (iturria: Covid Irekia)

"Immunitate naturala"

Hala ere, hainbat adituren arabera omikron aldaerak "pandemiaren amaiera" ekar dezake, hain justu kutsagarritasun eta arintasun horren ondorioz. Javier Zulueta New Yorkeko Monte Sinaí ospitaleko pneumologia eta zainketa intentsiboetako buruaren ustez, "litekeena da ia denok kutsatzea, eta horrek onuragarria izango den immunitate naturala sortuko du". Radio Euskadin galdetuta, pneumologoak esan du etorkizunean seguruenik COVIDak  "koadro arinak" baino ez dituela sortuko, nahiz eta oraindik arriskutsua izan daitekeen, batez ere "adineko jendearen eta immunoeskasia duten herritarren artean", horregatik azpimarratu du hirugarren dosiarekin txertatzeko beharra.

Seigarren olatu hau azkena izan daitekeela iradokitzen duen tesiaz hitz egin du baita ere Felix Zubia Donostiako ospitaleko ZIUetako buruak igandero Euskadi Irratian egin ohi  duen saioan: "Asko hedatzen baldin bada eta pertsonak modu arinean pasatzen badute behintzat, immunitate naturala garatuko dela, defentsak izango ditugula –immunitate natural hau txertoena baino askoz iraunkorragoa delako– eta horrek babestuko gaituela ondorenean, hori diote niri errespetuzkoak iruditzen zaizkidan adituek". Hala ere, oraindik aste batzuk beharko dira ikusteko omikronaren transmisio-kurbak zein joera duen, Zubiaren aburuz.

Hegoafrikan, Danimarkan eta Norbegian –aldaera azkarren atzeman zen hiru herrialde– positibo kopuru handiak beheranzko joera oso nabarmena hartu du azken egunotan. Salim Abdool Karim Hegoafrikako aditu ezagunenetako batek honela deskribatu dio egoera The Washington Post egunkariari: "Aurreko aldaerek Kilimanjaro itxurako olatua sortzen zuten, baina omikronekin Everesteko ipar-hegia eskalatzen aritu bagina bezala da, eta orain hegoaldeko hegitik beherantz goaz".

Hegoafrikako testuingurua Europakoarekin konparatzean zuhur azaldu dira asko, hemisferio horretan uda sasoia baita orain, eta populazioa askoz gazteagoa da, besteak beste. Hala ere, zenbaiten arabera, omikronen bilakaera azkar horrek zerikusia izan dezake bere kutsagarritasunarekin: "Batzuetan sua azkar hazi daiteke, baina gero itzali", azaldu du David Ho Columbiako Unibertsitateko birologoak CNBC katean.