argia.eus
INPRIMATU
OMEren aholkuen aurka, hiru emakumetik bati ebakitzen diote bulba erditzerakoan
  • Espainiako Estatuan oraindik behar baino gehiagotan egiten diete episiotomia bagina bidez erditzen duten emakumeei. Frogatuta dago ondorio fisiko zein psikologikoak uzten dituela.

Leire Artola Arin 2021eko azaroaren 17a
Emakumeen onespenik gabe egiten duten episiotomia kasu askotan. / Argazkia: bbmundo.

Eldiario.es agerkariak argitaratutakoaren arabera, Espainiako Estatuko ospitale publikoetan 2018an erditu zuten emakumeen %27,5ari episiotomia egin zioten. OME Osasunaren Munduko Erakundeak aholkatzen du soilik beharrezkoa denean erabili behar dela esku-hartze hori; alegia, haurra edo ama arriskuan daudenean eta erditzeko laguntza medikua behar dutenean. Halere, ohiko praktika izan ohi da ospitaleetan, askotan emakumearen onespenik gabe egiten dena. Bisturi edo guraize bidezko ebakidura kirurgiko bat egiten diote erditzen ari denari perineoan, baginatik uzkira daoan zatian, haurra errazago atera dadin; puntuak jartzen dizkiote gero. Frogatuta dago ondorio fisikoak eta psikologikoak eragin ditzakeela, besteak beste, min kronikoa, inkontinentzia eta trauma osteko estresa.

90eko hamarraldian episiotomia araua zen; kalkulatzen dute erditzeen %87 horrela egiten zela. 2006an erditzeen %54an egiten zen episiotomia, eta 2018an erditzeen %42an. Urtez urte ehunekoa apaltzen joan arren, gomendatutakoa baino askoz altuagoa da oraindik; erditzeen %15 baino gutxiagotan erabili beharko litzateke episiotomia, eta egun ia %30ekoa da Espainiako zifra.

Indarkeria obstetrikoa

Zenbait emakumek indarkeria obstetrikoa salatu dute azken urteetan, eta bortxa horien artean dago episiotomia. Eldiario.es-ek hainbat testigantza bildu ditu, horietako bat Bilboko ospitale publikoan jazotakoa. Ama batek salatu duenez, 2012an bigarren umea izatera joan zen, oso dilatatuta eta inongo arazorik gabe; erditzea ez zen arriskutsua. Andreak ikusi zuen nola emaginak tresna bat hartzen zuen: “Ez zidan ezer esan, baina argi ikusi nuen. Esan nion ez nuela episiotomiarik nahi, eta erantzun zidan hori berak erabakiko zuela. Sei-zazpi aldiz errepikatu nion. Ez zidan inongo arrazoirik eman ebakidura egin behar izateko. Eskuak perineoan jarrita, eskatu nion ez mozteko. Beldurra nuen. Bat-batean nabaritu nuen nire alaba oso azkar ateratzen. Orduan jakin nuen mozketa egin zidala”. Hainbat profesionalek gerora ziurtatu zioten bere kasuan ez zela beharrezkoa izan episiotomia, eta auzitegian salaketa jarri zuen; atzera bota zuten. Ondorio fisikoak eta psikologikoak urteetan jasan dituela azaldu du.