Iñigo Cabacas Ertzaintzak botatako pilotakada baten kolpearen ondorioz hil zen autopsiak argitu duenez. Lehen datuek diotenez, 28 urteko gazteak buruan zuen zauria Ertzaintzak erabiltzen duen gomazko pelota batek sortzen duenarekin bateragarria da. Golpeak buruhezurra hautsi zion, honek hemorragia eragin zuen, eta azkenik, heriotza. Lekukoek salatu dutenez, 20-30 metrotik buruaren altuerara egin zuten tiro ertzainek. Heriotza salatzeko, manifestazioa deitu dute gaur 20:00etan Algortan. Cabacasen aldeko hileta elizkizuna berriz, bihar izango da 19:30ean Bilbon.
Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak heriotzaren aurrean "atsekabea" azaldu du eta gertatutakoa ikertzen jarraitzeko asmoa agertu du. Horrez gain, Eusko Legebiltzarrean azalpenak emango dituela jakinarazi du.
Ezker Abertzalea, EA, Aralar eta Alternatibaren arabera, Cabacas, "gure herriak jasan duen indarkeria polizialaren azken biktima da". Indar polizialek indarkeria "inolako ardurarik gabe eta era zigorgabean" erabiltzen dutela salatu eta Ares-en dimisioa eskatu zuten atzo Bilbon egindako agerraldian. EAJ-ko Iñigo Urkulluk gertakariak sakon aztertu behar direla esan du. Gauza bera adierazi du Ezker Batuak ere, "alde handiak daudelako polizia eta lekukoen bertsioen artean".
Gertakaria salatzeko ehunka lagun bildu ziren atzo Maria Diaz de Haro kalean Ez dago eskubiderik, Iñigo gogoan zaitugu! lemapean burututako omenaldian. Isilik gogoratu zuten Cabacas eta senide eta lagunek lore eskaintza egin zuten Cabacas zauritu zuten lekuan.