Bilboko Kafe Antzokia txiki geratu zen astearte gauean Iñigo Muguruza omendu zuen kontzertuan. Haren ibilbide luze eta emankorreko taldekide eta lagun musikariek parte hartu zuten, Kortatutik Hiru Leikera.
Abenduaren 17an beteko zituen urteak Iñigo Muguruzak, aurtengo irailaren 5ean hil izan ez balitz. Hiru hamarkadaz euskal musikaren espektroan berebiziko garrantzia duten hainbat proiektutan parte hartu zuen artistak eta ibilbide oparo horren isla izan zen Kafe Antzokian ikusitakoa.
Muguruzaren adiskide musikarien zerrenda luzea pasa zen oholtza gainetik astearte gauean, urtebetetze egunarekin bat eginez antolaturiko omenaldian. Ez ziren falta izan gertukoenak, hala nola, bere anaietako zaharrena, Jabier, Joxe Ripiaun taldekide izan zuena; ezta Fermin ere, Kortatun eta Negu Gorriaken taldekide izan zuena.
Gainera, Delirium Tremens, Sagarroi eta Lurra taldeetako kideak ere izan ziren, baita azken urteetan Muguruzarekin aritutako beste hainbat artista ere, hala nola Barixeku, Pikete Lerroa, Tenk, Indidxabak edo Hiru Leike. Denek ere musikari irundarrari gorazarre egin zioten, iragarri zenetik sarrera guztiak agortu zituen omenaldi samur eta beroan.